Eusko Jaurlaritzak 8 ikuskatzaile gehiago kontratatuko ditu etxebizitza turistikoen gaineko kontrola areagotzeko
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak bere sailari dagokion datorren urteko aurrekontu-proiektua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Guztira, 56,5 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten baino % 2 gutxiago.
Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak 8 ikuskatzaile kontratatuko ditu etxebizitza turistikoen eta horiek darabiltzaten online plataformen gaineko kontrola areagotzeko asmoz, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak ostegun honetan iragarri duenez.
Ildo horretan, sailburuak azpimarratu du kontrol tresna berriak daudela orain, tartean, Iraupen Laburreko Alokairuen Europako Araudia eta Espainiako Gobernuak abian jarritako etxebizitza turistikoetarako leihatila digitala.
Halaber, Hurtadok jakinarazi du tasa turistikoa laster jarriko dela martxan.
Zerga bidez bildutakoaren zati handiena udalek jasotzea eta gainerako sektoreetan banatzea zen hasierako asmoa.
Azkenean, udal zerga izango da, eta, beraz, udalek jasoko dute osorik.
Dirua sektorera ere iristeko asmoz, ordea, Turismo eta Ogasun sailek adostu dute aparteko diru kopuru bat onartu eta ostatuen artean banatzea. Lehen urtean 1,5 milioi euroko diru-partida izango da, eta 2 milioikoa, berriz, hurrengoetan.
Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EITB
2026ko aurrekontu proiektua
Hurtadok bere sailaren datorren urterako aurrekontuak aurkeztu ditu gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 56,6 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an, aurten baino % 2 gutxiago, Europako funtsak jasoko ez dituelako.
Turismoaren arloak 23,1 milioi kudeatuko ditu (% 9,6), eta horietatik 10,2 milioi Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarentzat izango dira.
Merkataritzaren arloan, sektoreari bultzada sendoa emateko beharra nabarmendu du sailburuak: "Jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman behar dugu, eta baliabide gehiago bideratu, ez bakarrik ekonomikoak, giza baliabideak ere bai". Merkataritza azpisailera 22,1 milioi bideratuko dira, hau da, % 1,8 gehiago.
Azkenik, Kontsumobide-Kontsumoko euskal institutuak 8,6 milioiko aurrekontua izango du (+% 5,9).