Txerri-izurriaren egoera, Europako herrialde kaltetuenetan
Milaka txerri sakrifikatu dituzte eta milioi asko galdu dira EBn. Gaixotasunaren hedapenaren ondorioz, kontrolak gogortu eta murrizketa-guneak mantendu behar izan dituzte hamahiru herrialdetan.
Txerri izurri afrikarrak jotako Europar Batasuneko herrialdeek neurri zorrotzak ezarri behar izan dituzte gaixotasuna hedatzea saihesteko, eta horrek milaka txerri hiltzea ekarri du, eta, ondorioz, sektoreak milioi asko galdu ditu.
Europako legediak izurriaren agerraldiak kontrolatzeko eta zaintzeko neurri jakin batzuk aplikatu behar direla zehazten du. Gaur egun, EBko hamahiru herrialdetan dago.
Hau da egoera Europar Batasunean
Polonia
2014tik. txerri-izurria afrikarra endemikoa da Polonian. Han, basurdeen populazioa da infekzio-arrazoi nagusia, eta 5.000 milioi euro baino gehiagoko galerak eragin ditu azken hamarkadan, esportazioak geldiarazteaz gain. 2025ean 18 foku atzeman zituzten txerri-haztegietan, eta ia 8.000 animalia hil zitzuten.
Alemania
Txerri izurri afrikarra 2020an iritsi zen, Brandeburgon (ekialdean) gaitza zuen basurde bat agertu zen eta. 2021 eta 2023 artean agerraldiak izan ziren txerri-haztegietan, 2024an kasu bakan batzuk izan zirelarik. Urtea hasi zenetik ez da infekziorik antzeman txerri-ustiategietan, baina basurdeen kasua bestelakoa da; izan ere, 1.948 kasu detektatu dituzte.
Italia
2022tik, Italian 580 foku (basurdeak, gehienak) detektatu ziren, gehienak atzeman orduko amaituta zeuden. Batik bat, iparraldeko eskualdeetan izan ziren, gaur egun murrizketak jasaten ari direnetan, hain zuzen.
Abeltzaintzan duten eraginari dagokionez, txerri-haztegien kopuruak behera egin du: 2024an 7,82 milioi txerri zeuden, 2023an baino % 14,7 gutxiago.
Eslovakia
Eslovakian, maiatzean, 18.000 txerri inguru kutsatu ziren herrialdeko hego-ekialdean, eta guztiak sakrifikatu zituzten.
Inguruko herrialdeetako fokuei aurre egiteko, ekialdeko hamabi probintziatan murrizketa-eremuak ezarri dira, biosegurtasun neurriak aplikatzen jarraitzeko ehiza lurretan, etxeko txerri etxaldeetan eta hildako eta harrapatutako basurde guztien jarraipena egiteko.
Errumania
2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 27ra 453 agerraldi atzeman ziren, eta gaur egun 47 agerraldi aktibo daude.
Errumaniak gaixotasunaren fokua izaten jarraitzen du, 2024an EBn erregistratutako agerraldi guztien % 66 bertan daude eta, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzak adierazi duenez.
Kroazia
53 abere-ustiategitan antzeman dira kasuak, eta 372 basurdek dute gaitza detektatuta.
2023an gaixotasuna agertu zenetik 2025eko urrira arte, 55.000 animalia hil dituzte, txerri-aziendaren % 5; irailean 10.000 txerri sakrifikatu zituzten.
Hungaria
2025ean 852 basurdeetan detektatu da txerri-izurria, baina ez baserriko txerrietan.
Iparraldeko eremuak daude kaltetuen, Eslovakiako mugatik gertu daudenak; eta ekialdean, Errumania eta Ukrainatik gertu daudenak ere bai. Herrialdeko lurraldearen ia heren bat "kutsatutako eremu" izendatu dute. Gainontzekoa arrisku ertain edo handiko gunea da.
Bulgaria
Joan den azaroaren 3ra arte 409 izurri agerraldi identifikatu zituzten basurdeetan. Joan den astean, Gobernuak adierazi zuen ez dagoela agerraldi aktiborik, eta Errumaniako mugan jarritako hesiak herrialde horretatik potentzialki kutsatutako basurdeak sartzea galarazten duela.
Letonia
Txerri-izurri afrikarra 2014tik dago bertan, eta azken agerraldia joan den irailean gertatu zen: 23.000 txerri inguru hil zituzten baserri batean.