CAFek 250 milioi euroko kontratua lortu du Frantzian, eskualdeko 22 tren hornitzeko
CAF eta Alstom enpresek osatutako kontsortzioak 22 Regiolis tren hornituko dizkio SNCF Voyageurs operadoreari Proventza-Alpeak-Kosta Urdina eskualderako. CAFek diseinatu eta fabrikatuko ditu trenak, eta Alstom arduratuko da unitaterako zenbait ekipo hornitzeaz.
CAFek 250 milioi euroko balioa duen kontratu bat lortu du Frantzian. Beasainen egoitza duen enpresak 22 Regiolis tren hornituko dizkio SNCF Voyageurs operadoreari, Proventza-Alpeak-Kosta Urdina eskualderako.
SNCF Voyageursek, eskualdeko tren-zerbitzuak operatzeaz arduratzen den enpresak, "CAF-Alstom kontsortzioan jarritako konfiantza berrituko du eskualdeko trenen eskari honekin", CAFek ohar bidez azpimarratu duenez.
Kontratu berriari esker, CAFek aurretik zuen 17 treneko flota osatu eta gaur egun linea horietako unitateak ordezkatuko ditu: Marseilla-Aubanha-Toulon-Hyères eta Marseilla-Toulon-Les Arcs Draguignan lotzen dituena.
CAFek diseinatu eta fabrikatuko ditu trenak, Alsaziako Reichshoffen lantegian, eta Alstom arduratuko da unitaterako zenbait ekipo hornitzeaz.
Regiolis eskualdeko tren elektrikoak dira, sei kotxekoak, eta 310 bidaiarirentzako edukiera dute.
CAFek bi lantegi ditu Frantzian: Bagneres-de-Bigorren dagoen lantegia, tranbiak eta tren laburrak fabrikatzen espezializatua, eta Reichshoffeneko lantegia, 50 metrotik gorako luzera duten trenak egiten dituena.