Greba deitu dute Legutioko Metal Groupen, eta protestak egingo dituzte Abadiñon, 139 kaleratze eragingo dituen EEEa salatzeko
Enplegu-erregulazioko espedientean, Lebarioko (Abadiño) lantegia ixtea proposatzen dute, eta bertako 48 langileak kaleratzea. Legutioko lantegiko 91 behargin ere botako dituzte.
Metal Groupek Legution duen lantegiko beharginen batzordeak greba mugagabea deitu du urtarrilaren 7tik aurrera, eta Abadiñokoak elkarretaratzeak iragarri ditu, 139 lanpostu suntsitzea lekarkeen enplegu-erregulazioko espedientea salatzeko.
Bi lantoki horietan 183 pertsonak egiten dute lan guztira, automobilgintzako piezen galdaketan eta mekanizazioan. Enplegu-erregulazioko espedientean, Lebarioko (Abadiño) lantegia ixtea proposatzen dute, bertako 48 langileak kaleratuz, eta Legutioko plantilla 91 pertsonatan murriztu.
CCOOk ohar bidez jakinarazi duenez, enpresak "enplegu-erregulazioko espedientearen beharra defendatzen du, bezero nagusiarekin egiten ari diren negoziazioan oinarrituta, gaur egun oraindik ez baita itxi".
Bi lantegietako batzordeetako kideek (ELA, CCOO eta LAB) osatutako enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazio mahaiak salatu duenez, enpresaren zuzendaritza-aldaketa "galeriari begira baino ez da izan", eta Metal Group "maiatzean enpresa hartzekodunen konkurtsora eraman zuen zuzendaritza zaharraren esku dago oraindik".
Joan den asteko ostegunean, kontsulta-aldiko lehen bileraren ondoren, batzarra egin zen Legutioko lantegian, eta langileek berretsi egin zuten ELAk (gehiengoa du lantegian) urtarrilaren 7tik aurrera greba mugagabea egiteko egindako proposamena.
Abadiñoko kasuan, lan-kargarik gabe dago duela 2 hilabetetik, eta kontzentrazioak deitzea erabaki dute "lanpostuak suntsi ez ditzaten". Bihar, Berrizko Olakueta plazan izango dira, 12:00etan, eta astelehenean, Durangoko Santa Maria elizpean, 18:00etan.
Metal Group familia-jatorriko industria-taldea da, Abadiñon du egoitza, eta burdinazko piezak fabrikatzen ditu automobilgintzarako, energia eolikoa sortzeko, trenbideak egiteko, nekazaritzarako eta makineria industrialean saltzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
LABek bertan behera utzi ditu Nafarroako ikuskizunen sektoreko bi greba egunak, negoziazioari berriro ekin ondoren
Gabonetako erosketen ondorioz, abenduan ohi baino % 23 gehiago gastatzen dute familiek
Itoiztik Erriberara: 354 milioi euro Nafarroako ubidearen proiekturako
Espainiako Gobernuak soldaten sekretuarekin amaitu du
Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen negoziazioa amaitutzat eman du, oposizioarekin akordiorik lortu gabe
Aurtengo iraila azken hamar urteetako onena izan da esportazioei dagokienez, Jaurlaritzaren arabera
Adifen arabera, grebak % 6,04ko eragina izan du Euskadin goizeko txandan, eta % 15,56koa gauekoan