GIPUZKOAKO EGOITZAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

ELAk eta LABek gogor salatu dute patronala Gipuzkoako egoitzetako negoziazio mahaira agertu ez izana

Sindikatuen arabera, argi geratu da patronalak ez duela negoziatzeko inolako borondaterik eta sektoreko langileak mespretxatzen ari dela. 

ELA-RESIDENCIAS-GIPUZKOA.JPG

Artxiboko irudia.

ELAk eta LABek gogor kritikatu dute patronalek asteazken honetan Gipuzkoako adinekoen egoitzen hitzarmenaren negoziazio mahaia bertan behera utzi izana, eta Foru Aldundiaren esku-hartzea eskatu dute. 

Ohar batean, ELAk azaldu du patronalak bilerara ez joateko jarri duen aitzakia "informazio falta" izan dela. Egoera horren aurrean, sindikatu abertzaleak aldebiko bilera eskatu dio Gipuzkoako Aldundiari, "gatazkari irtenbide bat bilatzeko,  Podemosekin adostutako aurrekontu-akordioan aurreikusi zuten bezala". 

Akordio horretan, ELAk gogorarazi duenez, "Aldundiak hitzematen du hitzarmen sektorial bat sustatuko duela egoitza eta eguneko zentroetarako, eta bilera paraleloak egingo dituela ordezkaritza sindikalarekin eta patronalarekin". "Gainera, akordioak jasotzen du 10 milioi euro bideratuko direla Gipuzkoako erresidentzien hitzarmen berrirako", dio agiriak. 

Mitxel Lakuntzak zuzentzen duen sindikatuaren iritziz, "patronalak ez du egoziatzeko inolako borondaterik" eta "etekin ekonomikoak handitzera eta bermatzera mugatzen da".

Ildo beretik, LABek ere patronalaren jarrera kritikatu du, eta arduragabe jokatzea eta langileekiko mespretxuz aritzea leporatu dio. 

LABen "proposamena eta norabidea zaintza lanak publifikatzea" dela esan du sindikatuak. "Lan-baldintzak okertzen dituena pribatizazioa dela: batzuek zaintzarekin negozioa egiten dute, eta ez dute eskaintza duinik langileontzat", dio zabaldu duten agiriak. 

Sektoreko sindikatuen arteko  indarrak batzearen garrantzia ere nabarmendu du LABek, eta, beste behin, ELAri elkarlanerako deia egin dio: "LABek behin baino gehiagotan proposatu dio ELAri elkarlana eta ekimen bateratuak egitea, argi baitu elkarrekin indar handiagoa dutela eta langileek batasuna eta borroka gune bateratuak behar dituztela. Orain arte, proposamen horiei muzin egin die ELAk, baina LABek bide horretan jarraituko du, langileei lantokietan batera borrokatzeko aukera eskaintze aldera".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X