EAJk eta PSE-EEk Gipuzkoako aurrekontuak aurrera aterako dituzte, Elkarrekin Podemosekin akordioa lortuta
Miren Echeveste alderdi moreak Gipuzkoako ganberan duen eledunak eman ditu akordioari buruzko xehetasunak, arratsaldean egin duen agerraldian. Azaldu duenez, 19 milioi euroko —aurrekontu osoaren % 1,4— balioa duten proposamenak txertatu dituzte aurrekontuen proiektuan. Horiekin, "zaharren egoitzetako langileen baldintzak hobetzea eta erabiltzaileen koordainketa errebisatzea" eta "garraio publikoa eta mugikortasun iraunkorra sustatzea" lortu nahi dutela nabarmendu du, bereziki.
Miren Echeveste, gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Argazkia: EFE.
EAJk eta PSE-EEk 2026ko aurrekontuak aurrera ateratzea lortuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Elkarrekin Podemosekin akordioa lortu ondoren. Aurreikuspenen arabera, abenduaren 19an egingo da datorren urteko kontuak bozkatzeko bilkura.
Miren Echeveste alderdi moreak Gipuzkoako ganberan duen eledunak eman ditu akordioari buruzko xehetasunak, 16:00etan egin duen agerraldian. Azaldu duenez, 19 milioi euroko (aurrekontu osoaren % 1,4) balioa duten proposamenak txertatu dituzte aurrekontuen proiektuan. Horiekin, "zaharren egoitzetako langileen baldintzak eta erabiltzaileen koordainketa hobetzea" eta "garraio publikoa eta mugikortasun iraunkorra sustatzea" lortu dutela nabarmendu du, bereziki.
Aipatutako diru kopuru horren zatirik handiena, 14 milioi euro, egoitzetako eta eguneko zentroetako beharginen lan-baldintzak hobetzera eta koordainketa-sistema errebisatzera bideratu nahi dute. Echevesteren arabera, sindikatuekin eta patronalarekin bilerak egiteko "konpromisoa hartu du Aldundiak", langileen "lan-baldintza prekarioak" eta "ratioak" hobetzeko helburuarekin.
Bestalde, zehaztu du 2,5 milioi euro garraio publikoa sustatzeko ekimenetara bideratzea adostu dutela. Bidesarietatik jasotzen diren sarreretatik aterako da diru hori, eta asmoen artean dago 15 urtetik beherakoek garraio publikoa doan izatea eta 26 urtetik beherakoentzako hobariak zabaltzea MUGI sisteman. Esan du, baita ere, 200.000 euroko partida bat txertatu dutela egitasmoan, A-15 eta N-1 arteko Andoaingo lotunerako "konponbide bat premiaz erredaktatzeko".
Halaber, itunean jasota daude Gipuzkoako basozainen plantilla indartzea (miloi bat euro) eta Etorlur sozietate publikora bideratutako partida handitzea (650.000 euro), herri txikietan etxebizitzak eraikitzeko lur publikoa erosi ahal izateko.
Elkarrekin Gipuzkoaren bozeramailearen hitzetan, txertatu dituzten neurriekin "aurrekontuak nabarmen hobetu" dira. Proposamen guztien atzean "gizarte kolektiboak eta sindikatuak" daudela erantsi du.
"Ongizatean aurrera"
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak txalotu egin du lortutako akordioa, "Gipuzkoaren ongizatean aurrera egitea ahalbidetuko" duelako. “Inoizko aurrekonturik handienak dira, etorkizuneko zaintza eta industria bermatzea ahalbidetuko digutenak”, esan du.
Agiri labur batean, "akordioa ona" dela esan du, eta ziurtatu du alderdien arteko "aldeak alboratzeko gai" direla uzten duela agerian itunak, "herritarren interesak" lehenetsita.
Datorren urterako prestatu duten aurrekontuaren ardatzean "zaintza" eta "etorkizuneko industria" egongo direla adierazi du.
1.296 milioi euroko kontuak
Urriaren amaieran aurkeztu zuen bere aurrekontu proiektua Gipuzkoako diputatu nagusiak: 1.296 milioi euroko kontuak izango dira, inoizko altuenak, eta horietatik erdia inguru (598 milioi) zerbitzu sozialetara bideratzea aurreikusten dute.
Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenteari proiektua aurkeztuta, aurrekontuak indarrean sartzeko prozesua abian jarri zen. Foru gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk boto bat behar dute gehiengo osoa lortu eta kontuak aurrera ateratzeko. Horren harira, diputatu nagusiak nabarmendu zuen "talde politiko guztiekin akordioak lortzen saiatuko" direla.
Negoziazio prozesuan, Echeveste "baikor" agertu izan da, eta akordioa izatekotan, aste honetan iritsiko zela esana zuen.
EH Bilduk aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa eztabaidatu bezperan iritsi da jeltzaleen, sozialisten eta moreen arteko akordioa.
Zure interesekoa izan daiteke
EHKSk Bilboko istiluetan parte hartu ez zuela dio: "Quiles ez etortzea lortu zenean, helburuak beteta zeuden"
Podemosek zuhurtzia eskatu du, baina ez du baztertzen infiltratutako poliziak edo ultraeskuindarrak egotea istiluen atzean
Mikel Irujo eta Aitana Duque EAJren hautagaiak izango dira Nafarroako Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan
Deustu, istiluen biharamunean: 55.000 euroko kalteak zenbatu dituzte
ErNEk Alfonso Garaikoetxea kargugabetzea eskatu du, Bilboko istiluak direla eta
Insaustik ziurtatu du indarkeria ez dela itzuliko Donostiako kaleetara, Blocusen deialdien aurrean
Javier de Andrés: "Absentismo daturik txarrenak dituen erkidegoa gara"