Pentsiodunek manifestazioak deitu dituzte ostegun honetan PPren egoitzen aurrean, pentsioak igotzearen kontra bozkatu duelako
Manifestazioak 12:00etan izango dira, Bilboko Bizkaia Plazan, Donostiako Illunbe kalean, Gasteizko Olagibel kalean eta Iruñeko Plazaola kalean.
Pentsiodunen manifestazioa, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ostegun honetan (hilak 29) PPren egoitzen aurrean "gaitzespena eta haserrea" adierazteko deia egin die pentsiodunei. Izan ere, PPk (Vox, Junts eta UPN alderdiekin batera) pentsioen igoeraren aurka bozkatu zuen, atzo, Diputatuen Kongresuan egindako bozketan.
Manifestazioak 12:00etan izango dira, Bilboko Bizkaia plazan, Donostiako Illunbe kalean, Gasteizko Olagibel kalean eta Iruñeko Plazaola kalean.
"Onartezina da pentsioak handitzearen aurka bozkatzea, eta lotsagarria da eskubide hori trukerako txanpon gisa baliatzea alderdien arteko eztabaidetan. Pentsioekin erosahalmena bermatzea ezin da Kongresuaren urteko bozketaren mende egon. Ez dugu atzerapausorik onartuko lortutakoari dagokionez, eta pentsiodunen haserreak kaleak beteko ditu berriro", adierazi du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, ohar batean.
Ildo horretan, pentsioen "errebalorizazio automatikoa" eta urte amaierako ordainsaria "berrezartzea" eskatu dute erosahalmenaren galera "orekatzeko".
Bestalde, gutxieneko pentsioa lanbidearteko gutxieneko soldatarekin "parekatzea" exijitu dute "genero arrakalaren kronifikazioa eta diru sarrera eskasia" eragozteko. Pentsiodunek emandako datuen arabera, gaur egun Hego Euskal Herriko 220.069 pentsiodunek (168.966 EAEn, eta 51.103 Nafarroan) lanbidearteko gutxieneko soldata baino diru-sarrera txikiagoak dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela