Pentsioen igoera eta beste hainbat neurri biltzen dituen dekretua bertan behera, PP, Vox eta Juntsen botoekin
Pentsioen igoera beste hainbat gairekin dekretu berean "nahastea" kritikatu dute aurka bozkatu duten alderdiek.
Urteko lehen porrota Espainiako Gobernuarentzat, Diputatuen Kongresuan. Hainbat neurri sozial biltzen dituen omnibus dekretua atzera bota dute, PP, Vox, Junts eta UPN alderdien aurkako botoekin. Besteak beste, pentsioen igoera, kolektibo zaurgarrienen etxegabetzeen etetea luzatzea edota norbere kontura ari diren langileen kuotak izoztea dira dekretuan jasota zeuden neurrietako batzuk.
Bozkatu aurretik, Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroak taldeei eskatu die dekretua babesteko, osterantzean "milioika herritar kaltetuko" dituztelako. Azkenean, baina, eskuineko alderdiok iragarritakoa bete eta aurka bozkatu dute.
Abendutik indarrean zeuden dekretuan jasotako neurriak, eta, orain, gaurko bozketaren emaitza Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera, baliogabe geratuko dira.
Pentsioei dagokienez, urtarrileko nominan jaso dute pentsiodunek % 2,7ko igoera, baina otsailetik aurrera igoera horri eutsi ahal izateko, Espainiako Gobernuak beste dekretu bat onartu beharko du Kongresuan.
Kritikak
PPk, Juntsek eta Voxek gogor kritikatu dute pentsioen igoera beste hainbat gairekin dekretu berean "nahastu" izana. Bereziki, familia zaurgarrien etxegabetzeak etetearen aurka agertu dira, neurri horrek okupazioa babesten duela argudiatuz.
Pentsioen igoerari dagokionez, PP eta Junts neurria babestearen alde agertu dira, baldin eta gai hori dekretu bakarrean aurkezten bada.
Bere aldetik, EAJK, alde bozkatu badu ere, Gobernuaren jarrera salatu du, dekretu berean gai ezberdinak bildu dituelako eta, bereziki, etxegabetzeak etetea kritikatu du, etxejabeak kaltetzen dituelako.
EH Bilduk eta ERCk, berriz, "ezkutu soziala egiturazkoa" izatea eskatu dute.
Garraio publikorako laguntzen luzapena, onartuta
Omnibus errege lege-dekretua ez bezala, garraio publikorako laguntzen dekretua aurrera atera da, besteak beste, erkidegoetako garraio zerbitzuetarako hobariak luzatzea jasotzen duena. Estatuaren menpeko garraio zerbitzu publikoetarako abonu bakarra sortzea ere aurreikusten du.
PP abstenitu egin da, Voxek aurka bozkatu du eta gainerako talde guztiek alde bozkatu dute.
Kongresua
Zer gertatuko da pentsioekin, Kongresuak igoera baztertu ondoren?
PPk, Voxek eta Juntsek babes sozialerako neurriak jasotzen zituen dekretuaren aurka bozkatu dute. Izan ere, horretan pentsioen igoera eta beste neurri batzuk jasotzen ziren.