Zer inbertsio proposatzen ditu Aenak euskal aireportuetarako?
Aireportuen kudeaketa Euskadira transferitzearen aurka agertu da konpainia, eta ia 13.000 milioi euroko inbertsio-plana iragarri du. Loiu handitzea proposatzen dute, besteak beste, eta Hondarribian eta Forondan hobekuntzak egitea ere bai.
Aenaren presidenteak, Maurici Lucenak, 2027-2031rako Aireportuak Arautzeko Dokumentua (DORA III) aurkeztu du. Dokumentu horrek 13.000 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du, aireportuak handitu eta modernizatzeko eta bidaiarien hazkundeari aurre egiteko gaitasuna bermatzeko.
Bilbon, Aenak Loiuko terminalaren bi aldeaak zabaltzea aurreikusten du, fakturaziorako, kontroletarako eta pasabide-kopururako lekua handitzeko. Hondarribian ontziratze-gelak hobetuko dira, eta harri-lubeta eta pista indartuko dira; Forondan, berriz, pista eta kargatzeko eremua berrituko dira.
Inbertsioak aireportuak koordinatzeko komiteetan onartu beharko dituzte, eta autonomia-erkidegoek ekarpenak egin ahal izango dituzte. Proiektuak uda amaieran zehaztea eta bost urteko epean gauzatzea aurreikusten da.
Gainera, Aenak proposatu du urtean, batez beste, 0,43 euroko igoera egitea bidaiari bakoitzeko. Igoera hori aireportu bakoitzaren tamainaren arabera egingo da, eta Europako tarifa baxuenen artean egongo da, adierazi dutenez.
Planaren arabera, Espainiako aireportuek 1.690 milioi bidaiari kudeatuko dituzte 2027tik 2031ra bitartean; hazkunde apalagoa izango da, pandemia osteko susperraldiaren ondoren.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela