Negoziazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

ELAk eta LABek ez dute onartu patronalak Arabako metalgintzako hitzarmenerako egindako proposamena, “atzerakoia” delakoan

Bi sindikatuek eskaintza bertan behera uzteko eskatu diote SEAri, sektoreko 25.000 langileen erosahalmena ez duelako bermatzen.

Langile bat; artxiboko irudia. Argazkia: alcangel144 (Pixabay)

ELA eta LAB sindikatuek errefusatu egin dute SEA patronalak astelehen honetan Arabako metalaren mahaira eraman duen hitzarmen kolektiboaren proposamena, "atzerakoia" dela eta sektoreko 25.000 beharginen "lan-baldintzak okertzen" dituela iritzita.

ELAk uste du patronalaren proposamena "iraina" dela, "sindikatuek planteatutako aldarrikapenei entzungor egiteaz gain, neurri atzerakoiak ere sartzen dituelako", hala nola urteko % 1,5eko soldata igoerak, "KPIaren arabera eguneratzeko bermerik gabe". Azken neurri horri dagokionez, deitoratu du horrek "soldatak erosahalmenaren galeraren eraginpean” utziko lituzkeela.

Sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, patronalak "ordutegi-malgutasun handiagoa" ere proposatu du, ordu-poltsa batekin. Poltsa hori urteko egungo 100 orduetatik 260 ordura igoko litzateke, eta eskubide sindikaletan eta baja medikoetan murrizketak ekarriko lituzke.

"Proposamenak ez die sektorearen benetako beharrei erantzuten, eta enpresen mesedetan murrizketak eta malgutasun handiagoa planteatzera mugatzen da", salatu du ELAk.

LABek beste ohar batean adierazi duenez, proposamen horrek "prekarietatea areagotzen du", ez baitu erosahalmena bermatzen, ezta lanaldia murrizten ere, eta, gainera, "atzerapausoak" ematen ditu malgutasunean eta baja medikoetan. "Iraingarria izan da", adierazi du LABek, eta ohartarazi du: "Ez dugu inolaz ere onartuko urteetako borrokarekin lortu den eskubide bakar bat galtzea".

Sindikatuak SEAri eskatu dio proposamen bat mahaira eramateko "sektoreak behar dituen edukiekin" eta "benetako negoziazioa" irekitzeko. Gainera, akordio "duin" bat lortzeko borondaterik erakusten ez badu mobilizazioak egongo direla ohartarazi dio.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X