EEE
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Luzatu egingo da Tubos Reunidosen LEEaren kontsulta aldia, enpresaren azken proposamena aztertzeko

Enpresak 301 kaleratzeei eta Amurrioko altzairutegiaren itxierari eutsi die. Hala ere, enpresa uztearen baldintzak hobetu ditu. Ondorioz, Batzordeak, bozketa bidez, kontsulta epea luzatzea erabaki du, eskaintza aztertzeko, plantillarekin kontsultatzeko eta onartzen duten edo ez erabakitzeko.

BILBAO, 26/02/2026.-Trabajadores convocados por el comité de empresa de Tubos Reunidos en Amurrio (Álava) este jueves durante la concentración en Bilbao con motivo del traslado a la capital vizcaína de las negociaciones del ERE de extinción de contratos presentado por la dirección.EFE/Luis Tejido
Tubos Reunidoseko langileen mobilizazioak. Argazkia: EFE.

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eta negoziazio-batzordeak Lan Erregulazioko Espedientearen (LEE) negoziazioa ostiralera arte, martxoaren 13ra arte, luzatzea erabaki dute. Hasiera batean, astelehen honetan amaitzen zen, baina parte sozialak luzapena eskatu du enpresaren azken proposamena aztertu, langileekin kontsultatu eta onartzen duen ala ez erabaki ahal izateko.


Astelehen honetako 10:00etan hasi da zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko bilera Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, enpresak "azken eta behin betiko eskaintza" aurkeztu du. Indarrean mantentzen ditu Amurrioko altzairutegiaren itxiera eta Amurrioko eta Trapagarango lantegietako 301 kaleratzeak, baina irteeren baldintzak hobetu ditu:

Alde batetik, 2028ko abendura arte kaleratze kolektiborik ez egiteko konpromisoa adierazi du.

Bestetik, 57 eta 62 urte bitarteko aurre-erretiroak aurreikusten ditu. Soldata gordinaren % 70eko errenta-plana izango dute (plusekin eta BGAEekin) langileak 63 urte bete arte, eta hitzarmen berezia Gizarte Segurantzarekin 65 urte bete arte.

63 urtetik gorakoei, zerbitzuan emandako urte bakoitzeko 20 eguneko soldataren baliokidea den kalte-ordaina eskaintzen zaie, gehienez 12 hilekotan.

Aldi baterako langileen kasuan, 30 eguneko soldata ordainduko litzaieke zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, 12 hileko mugarekin, eta kontratu-loturako unitatean izandako antzinatasuna aitortuko litzaieke.

Kontsultaldia amaitu aurretik egiten diren borondatezko atxikipenetarako, zerbitzuko urte bakoitzeko 45 eguneko soldata ordaintzea proposatzen zaie, 24 hileko mugarekin, gehi 1.500 euro gehiago lan egindako urte bakoitzeko, gehienez ere 10 urtera arte.

Eskaintza horren aurrean, iritzi-banaketa sortu da langileen ordezkarien artean, eta bozketa egin dute kontsulta-aldiaren luzapena eskatu edo negoziazioa amaitu erabakitzeko. Hasiera batean, bozketa berdinketan amaitu da eta negoziazio-epea amaitutzat ematea erabaki da. Ondoren, ordea, zuzendaritzaren prentsa-ohar baten arabera, kontsulta aldia luzatu egin da Trapagarango eta Amurrioko lantegietako CCOOk eta UGTk, eta Trapagarango ELAk eskatuta.

ELAk, LABek eta ESK-k kaleratzeak errefusatu dituzte

ELA eta LAB sindikatuek ohar bana argitaratu dute zuzendaritzaren jarrera salatuz. Altzairu-fabrikaren itxiera eta 301 kaleratzeak errefusatu dituzte, eta adierazi dute zuzendaritza ez dela gai izan negoziazio epe honetan enplegu-erregulazioko espedientea "justifikatzeko".

LAB sindikatuaren ustez, "onartezina da altzairutegia ixtea eta enplegua suntsitzea, eta ezin da adostasun batera iritsi erabaki hori bere horretan mantentzen den bitartean". Era berean, uste du "agerian geratu dela zuzendaritzak urteetan egin duen kudeaketa negargarria", eta salatu du erakundeek ez dutela "aktiboki ezer egiten" enpleguaren eta industria-jardueraren defentsan.

ELAk negoziazio prozesuan "enpresak izan duen fede txarra" salatu nahi izan du negoziazio prozesuan zehar. Bere esanetan, "Amurrioko eta Trapagako langileak zatitu nahi izan ditu, kaleratzeak gauzatzerakoan akordioa errazteko". Halaber, gogorarazi duenez, "taldearen zorraren zati handi bat 2008. urtetik dator, akziodunek 170 milioi euro jasotzeko helburuarekin enpresa bera zorpetu baitzen". Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio inplikatzeko "industria proiektu zorrotz bat egiteko".

Bestalde, ESK sindikatuak uste du dagoeneko "itxi" dela enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia. Ez du luzapena onartzen, eta salatzen du "irregulartasunak egon direla" langileen ordezkariek egindako bozketan. Datorren ostiraleko bilerara joaten bada, zuzendaritzari entzuteko izango dela adierazi du sindikatuak, "baina ez kontsulta-epearen barruan".

Asteazken arratsaldean batzar orokorra egingo dute Tubos Reunidoseko langileek. 

Negoziazio-batzordeko kideak bileran zeuden bitartean, astelehen eta astearte honetan greba egiten ari diren langileek elkarretaratzea eta protesta-mobilizazioak egin dituzte inguruan, hala nola, trafiko-etenak.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X