Albiste da
Industria Defendatzeko Taldearen bilera |

PETROLIO ERRESERBAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zer dira IEAren erreserba estrategikoak eta nola erabil litezke krisi honetan?

Energiaren Nazioarteko Agentziako (IEA) kide diren herrialdeek petrolio erreserba estrategikoak dituzte krisi egoerei aurre egin ahal izateko, bereziki, horniduran etenak daudenean. Orain, erreserba horiek erabiltzea onartu du agentziak, Ekialde Hurbilean piztutako gatazka dela eta, merkatuari lasaitasun mezu bat igorri eta presioa jaisteko. 

Almacenaje de petróleo

Petrolio biltegi bat, Hong Kongeko portuan, Txinan. Argazkia: Europa Press.

AEBk eta Israelek Irani egindako erasoaren ondorioz piztutako tentsio geopolitikoen esparruan, gero gatazka-eremua Ekialde Hurbileko dozena bat herrialdetara hedatzeak eta Iranek Ormuzeko itsasartea ixteak larriagotua, energiaren arazoa erdigunean duen krisi ekonomiko berri baten itzala jarri du erakunde politiko eta ekonomikoen gainean, eta ondorioz, gizartearen gainean. 

Horren erakusle dira bankuen, burtsen eta energia eta erregaien prezioen gorabeherak (petrolioa eta gasa, esaterako), eta urduritasunik badela erakusten dute halaber, krisi baten hasiera izan daitekeenari aurre hartzeko batzuek zen besteak proposatzen edo hartzen ari diren neurriek. 

Proposamen horien artean, Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA, ingelesezko sigletan) astearte honetan egindakoa dago. The Washington Post egunkariak argitaratu duenez, "petrolio erreserben inoizko liberazio handiena" proposatu baitu agentziak. Baina, zer dira erreserba horiek, nork erabakitzen du horien gainean eta nola lagun dezake horiek askatzeak egoera jakin honetan? 

Derrigorrezko erreserba estrategikoak

Energiaren Nazioarteko Agentziako (IEA) kide diren herrialdeek petrolio-erreserba estrategikoak dituzte krisi egoerei aurre egiteko, bereziki hornidura etenak daudenerako. 

Kideek, gaur egun 32 (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea ELGAkoak), nahitaez eduki behar dituzte gutxienez 90 egunetan inportatuko lukeenaren adinako erreserba, behar izanez gero horiek merkatura atera ahal izateko. 

IEAk publiko egindako datuen arabera, 2025eko azaroan (azken eguneratzea), herrialde guztiek betetzen zuten arau hori, Australiak izan ezik; hori, alde batera utzita petrolio esportatzaile hutsak diren lau herrialdeen egoera berezia (AEB, Mexiko, Kanada eta Norvegia). 

Herrialdeetako askok aise gainditzen zituzten gutxieneko 90 eguneko langa hori. Espainiaren kasuan 96 egunetarako erreserbak zituen. 

1973ko lehen petrolio-krisi handitik urtebetera eratu zen IEA, orduan bizi izandakoa bezalako egoerei aurre egiteko, eta, hain zuzen ere, erreserba energetikoak dira agentzia horren tresna nagusietakoak. 

Erreserbak erabiltzeko arrazoien artean hainbat egoera aurreikusten dituzte erakundearen estatutuek, hondamendi naturaletatik, petrolio-instalazioetan izan daitezkeen istripuetaraino, bai eta tentsio geopolitikoak ere, gaur egun Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz munduak bizi dituenak, kasu. 

Petrolio hori, izan gordina nahiz findua, gobernuek edo enpresek zuzenean kontrolatutako gordailuetan egon daiteke, eta kasu batzuetan atzerrian ere egon daiteke, Estatuen arteko aldebiko akordioen esparruan.

Nork erabaki dezake horiek askatzea? 

Erreserba estrategikoak erabiltzeko erabakia modu kolektiboan hartzen da, agentziako kide diren herrialdeek hartzen dute erabakia, aho batez nahitaez. Behin erabakia hartuta, herrialde kide bakoitzak bere petrolio-kontsumoaren araberako ekarpena egiten du. 

IEA sortu zenetik, bost bider erabili da mekanismo hori: 1991ko Persiar golkoko gerragatik; Mexikoko golkoan hidrokarburoen instalazioak hondatu zituzten Katrina eta Rita urakanengatik; 2011ko Libiako gerra zibilagatik; eta azken biak, 2022ko martxoan eta apirilean, Errusiak Ukrainia inbaditzeak ekarritako krisi energetikoaren ondorioz. 

Orain neurri hori hartu da Iranek Ormuzko itsasadarra itxi izanaren ondorioak apaltzeko; izan ere, handik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren % 20 (20 milioi upel, egunero), gehiena Asiara bidean. 

Zer abantaila ekarriko ditu erreserbak askatzeak? 

Lehen kolpean merkatuak hoztea ekarriko du erreserbak askatzeak, izan ere, tentsioa bereziki igo zen igandetik astelehenerako gauean, brent upelak gora egin eta ia 120 dolarretan kotizatzera iritsi baitzen. 

Erreserben liberazioa, adituen arabera, "epe laburrerako irtenbide oso baliagarria" da, "suebaki" gisa jokatzen baitu prezioak, espekulazioaa eta izua gorantz doazenean. 

Erabakia ekintza koordinatu batean batera hartzen den heinean, halaber, merkatuei nahiz gizarteari batasun eta egonkortasun mezu bat helarazten zaio, arnasa eman eta shocka saihestu dezakeena.

Adituen arabera, neurri horrekin denbora irabaziko litzateke irtenbide diplomatiko bat bilatzen den bitartean, kasu honetan Ormuzko itsasartea berriz irekitzeko; upelak askatzea adabaki bat izango litzatekeela azpimarratzen dute, baina inoiz ezingo lukeela konpentsatu itsasartean igarotzeari uzten dion petrolio-fluxua. 

Beraz, erreserben liberazioa neurri aringarria da, ez epe luzerako irtenbidea, bistako arrazoi batengatik: erreserbak finituak dira eta IEAren estatutuen aurka ere joango litzateke asko luzatzea, baldin eta erreserbak merkaturatzeak arriskuan jarriko badu herrialdeen hornidura eta ustekabeko bestelako krisi batzuen aurrean erantzuteko gaitasuna.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X