Petrolioaren prezioak gora egin du eta gorabeherak daude itsas eta aire trafikoan, Ormuzko itsasarteko tentsioaren ondorioz
Ontzi enpresa nagusiek ez dute handik igaro nahi, eta zer gertatuko zain daude. Halaber, 3.000 hegaldi baino gehiago bertan behera utzi dituzte asteburuan, Ekialde Hurbileko gatazka lehertu denetik.
Ormuzko itsasartea. Argazkia: Europa Press
Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek asteburuan Iranen aurka abiatutako erasoaldia ekonomian eragina izaten hasi da. Iranek Ormuzko itsasartea ofizialki itxi ez badu ere, hainbat ontziri eraso die, eta gauzak horrela, ontzi enpresa nagusiek ez dute handik igaro nahi.
Gaur zer gertatuko den zain, azken orduetan Brent upelaren prezioa % 6 igo da, 77 dolarreraino. Adituen arabera, Iranen aurkako erasoek jarraitzen badute, litekeena da upelaren prezioa 100 dolarretara igotzea. Izan ere, Iran eta Oman arteko itsasartetik munduan ekoizten den petrolioaren % 20 baino gehiago igarotzen da.
Ekialde Hurbilean lehertu den gatazkak itsas trafikoari eragin dio, ezinbestean. Gutxienez, lau petrolio ontziri eraso egin diete Ormuzko itsasartean, eta, ondorioz, Maersk eta Mediterranean Shipping Company konpainiek inguru horretan jarduteari utzi diote. Japoniako ontzi enpresa nagusietako itsasontziak ere geldirik daude. Are gehiago, Japoniako Mitsui O.S.K. enpresaren arabera, Iranek Ormuzko itsasartean nabigatzea debekatu du, Japoniako Gobernuak oraingoz baieztatu ez duen arren.
Itsas trafikoan ez ezik, munduko aire trafikoan ere gorabeherak izaten ari dira. Doha, Dubai eta Abu Dhabiko aireportuak puntu estrategikoak dira, eta asteburuan gatazka lehertu zenetik 3.000 hegaldi baino gehiago bertan behera utzi dituzte.
Halaber, ikusi egin beharko da diru merkatuek nola erantzuten duten. Esaterako, Abu Dhabiko eta Dubaiko burtsetan operazioak eten dituzte gaur eta bihar.