Honela zabaldu da Iranen aurkako gerra: zein herrialdetan du eragina?
Israelek eta AEBk otsailaren 28an Irani egindako erasoaldi militarrak eta ondoren errepublika islamiarrak Ekialde Hurbileko 15 herrialderi eman zien erantzuna. Iranek 1.200 hildako eta 12.000 zauritu zenbatu ditu dagoeneko, eta Libanon 400 hildako baino gehiago izan dira. Persiako golkoko 12 herrialdek Khameneiren erregimenaren erasoak salatu dituzte.
2026ko otsailaren 28a historiako liburuetan idatzita geratuko da akaso. Egun hartan, aurrez egindako mehatxuak betez, Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) operazio militar bateratua abiarazi zuten Iranen aurka, eta Ali Khamenei herrialdeko buruzagi gorena hil zuten. Arin erantzun zuen Iranek. 10 egunotan, aiatolen erregimenak Israeli eta AEBk Ekialde Hurbilean dituen base militarrei eraso die. Gatazka hainbat herrialdetara zabaldu da, besteak beste, Saudi Arabiara, Kuwaitera eta Arabiar Emirerri Batuetara. Oldarraldia Europako lurretara ere iritsi da, Ziprera. Libano ere, Hezbollah milizia xiitaren bitartez, gatazkan sartu zen, eta hainbat suziri jaurti zituen Israel iparraldean; Tel Avivek aire eraso zabala abiatu zuen orduan Libanoren kontra.
Honako hauek dira orain arte gerran nahasitako herrialdeak:
Iran
Netanyahuk eta Trumpek iragarri zuten bezala, erasoen helburua zen aiatolaren erregimena desagerraraztea —Ali Khamenei buruzagia otsailaren 28an bertan hil zuten—, eta horren instalazio militar eta nuklearrak suntsitzea. Israelgo Armadak egunero bonbardatu ditu Teheran hiriburua eta herrialdearen iparralde, mendebalde eta erdialdea. Erasoek helburu militarrak eta erregai-biltegiak suntsitu dituzte. Iranen arabera, ordea, azpiegitura zibilei ere eraso diete Israelek eta AEBk, eta aireportuak, eskolak, ospitaleak eta zibilen etxebizitzak izan dituzte jomuga. Irango Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 1.255 pertsona hil dituzte, tartean 180 ume, eta 12.000 zauritu dituzte.
Erregimenak, orain Mojtaba Khameneiren agindupean, "etsaiari erantzun bortitza" emango diola agindu du, eta AEBri laguntza ematen dioten herrialdeei ohartarazpena egin die. "Irakaspena atera behar dute", azpimarratu du Esmail Baghaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak.
Libano
Israelek eta AEBk Irani eraso egin eta bi egunera, Libanoko Hezbollah miliziak koheteak jaurti zituen Israel iparraldera. Ordutik, aireko eraso bortitzak egin ditu Tel Avivek Libanoren kontra: 394 pertsona hil ditu, tartean 83 haur, eta 1.130 zauritu, Rakan Nasreddine Osasun Publikoko ministroak zabaldutako datuen arabera.
Libanoko Gobernuak, Iranen eta Estatu Batuen interesen artean harrapatuta, harreman diplomatiko biziak abiatu ditu gatazka geldiarazteko. Agintariek, kosta ahala kosta, suntsipen handiagoa saihestu nahi dute, oraindik aurreko gerraren ondoren berreraikuntzari ekiteko nazioarteko funtsak espero zituen herrialde batean. Libanoko Hezbollah talde xiitak, bestalde, Israel iparraldean helburu militarren aurkako eraso mugatuak egiten jarraitzen du.
Irudia: Orain
Israel
Zaila da jakitea zer gertatzen ari den Israelen. Ez da jakitera eman Iranek zeintzuk leku zehatz izan dituen jomugan, Israelgo zentsura militarrak ez baitu argitaratzen uzten, bereziki azpiegitura kritikoak eta militarrak kaltetzen badituzte. Biktima kopuruari dagokionez, uste da dozena bat lagun hil eta 2.000 pertsona zauritu direla. Israelek gaur jakinarazi du Yehuden, Ben Gurion aireportutik gertu dagoen herrian, bi hildako eta zauritu kritiko bat izan direla. Martxoaren 1ean 9 pertsona hil ziren misilekin egindako eraso batean Bet Shemesh herriko sinagogan, Jerusalemdik gertu. Egun bat lehenago, beste biktima baten berri eman zuten Tel Aviven, misil batek etxebizitzen eraikin batean jo baitzuen.
Benjamin Netanyahu lehen ministroak iragarri du Israelek Iranen aurkako erasoaldiarekin jarraituko duela, "indar guztiarekin", eta erasoak "Ekialde Hurbilaren aurpegia aldatzen" ari direla defendatu du. Izan ere, Israel da oldarraldia luzatzeko interesik handiena duena, eskualdeko mapari behin betiko kolpea eman eta taula politikoa moldatu nahi baitu.
AEBko Armadak ere izan ditu hildakoak. Zortzi militar estatubatuar zendu dira Iranek Kuwaiten eta Saudi Arabian egindako erasoetan.
Saudi Arabia
Saudi Arabiako agintariek duela astebete jakinarazi zuten droneak eta misilak airean atzematen ari zirela; hala ere, hasiera batean, Riadek ez zuen esan nor egon zitekeen eraso horien atzean.
Egoera igandean, martxoaren 8an, aldatu zen. Bi pertsona hil eta 12 zauritu ziren Al-Kharj probintziako bizitegi-eremu batean, Saudi Arabiako hiriburuaren hego-ekialdean, jaurtigai militar batek jota.
Saudi Arabiako Atzerri Ministerioak gaitzespen oharra kaleratu du gaur Iranek herrialdearen, Golkoko Lankidetza Kontseiluko kideen eta beste "nazio arabiar, islamiar eta lagunen" aurka egindako erasoak salatzeko. Saudi Arabiako agintariek baieztatu dutenez, "herrialdearen segurtasuna eta subiranotasuna babesteko beharrezko neurri guztiak hartzeko eskubide osoa" dute.
Arabiar Emirerri Batuak
Arabiar Emirerri Batuek AEBren hainbat base dituzte euren lurraldean, eta Iranek erasotako beste herrialdeetako bat izan da. Tokiko Defentsa Ministerioaren datuen arabera, ehunka misil eta ia 1.400 drone atzeman dituzte martxoaren 1etik. Horietako gehienak, iturri horien arabera, suntsitu egin dituzte, eta Irango bi misil balistikok bakarrik jo dute herrialdean; eta 18 itsasora erori ei dira. Agintarien arabera, lau pertsona hil eta 117 zauritu dira erasootan.
Defentsa Ministerioak "edozein mehatxuri aurre egiteko eta Estatuaren segurtasuna ezegonkortzea helburu duen guztiari ausardiaz aurre egiteko" prest dagoela adierazi du.
Qatar
Irango errepresalia-erasoak jasan dituen Persiar golkoko beste herrialdeetako bat da Qatar, AEBren base militarrak baititu. Joan den astelehenean, Defentsa Ministerioak iragarri zuen Irandik zetozen bi SU-24 hegazkin bota zituela, eta zazpi misil balistiko eta bost drone "arrakastaz" atzeman zituela. Qatarreko agintariek 16 zauritu zenbatu dituzte, Al Jazzera egunkariak jakitera eman duenez.
Kuwait
AEBren aliatu diren herrialde arabiarretatik Kuwait izan da kaltetuenetako bat. Sei pertsona hil dira, tartean ume bat, eta dozenaka zauritu. Iranek AEBko zentroei eta baseei, Gizarte Segurantzaren Erakunde Publikoaren egoitzari (IPSS) eta Kuwaiteko Nazioarteko Aireportuko bi erregai-biltegiri eraso die, sute handia eta kalte materialak eraginez. Gerra hasi denetik hildako zortzi soldadu estatubatuarretatik sei Kuwaiten hil dira.
Bahrain
Iranen jopuntuan izan den beste herrialde bat, AEBko zenbait base militar baitaude han. Bahraingo Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, hildako bat eta 40 zauritu inguru izan dira, horietako lau, larri.
Azerbaijan
Azerbaijango Gobernuak hasiera batean bere lurraldea Iranen aurkako operazioetarako erabiltzeari uko egin zion, eta Irango erregimenari leporatu dio Nakhitxevango aireportuari droneekin eraso egitea. Aireportua herrialdearen hego-mendebaldean dago, Irango mugatik 10 kilometrora egindako erasoan pertsona bat hil eta hainbat zauritu ziren. Bakuk gogor gaitzetsi du gertakaria: "Ekintza horiek nazioarteko zuzenbidearen arauak eta printzipioak urratzen dituzte, eta eskualdean tentsioak areagotzen laguntzen dute", nabarmendu zuen Azerbaijango Kanpo Arazoetako Ministerioak joan den asteartean zabaldutako ohar batean.
Hala ere, Iranek ukatu egin du erasoan parte hartu izana, eta Israelen balizko erantzukizuna azpimarratu du. Aldi berean, gertatutakoa argitzeko ikerketa bat agindu du.
Irak
Bi aldeen erasoak jasan ditu Irakek. Izan ere, gehiengo xiita du eta Iranen aurkako erasoak gehien kritikatu dituen herrialdeetako bat da —Khameneiren "martirioagatik" hiru eguneko dolu nazionala ezarri du—. 10 egunotan, jatorri ezezaguneko misilak eta bonbak jaso ditu, eta horiek, batez ere, Herri Mobilizazioko Indarrak izeneko milizien kokaguneei kalte egin diete. Talde horiek askotarikoak dira, baina, gehienak, xiitak eta Iranen jarraitzaileak.
Larunbatean, AEBk Bagdaden duen enbaxadari eraso zioten jatorri ezezaguneko suziriekin, baina aireko defentsa-sistemak atzeman egin zituen. Halaber, Bagdadeko Nazioarteko Aireportutik gertu dagoen AEBren base batean droneekin egindako erasoen berri eman dute.
Bestalde, Indar Armatuek hainbat eraso egin dituzte talde kurduen posizioen aurka Irakeko Kurdistanen. Gutxienez oposizioko alderdi kurdu bateko kide bat hil da erasootan.
Irudia: Orain
Jordania
Iranek 60 misil eta 59 drone jaurti ditu Jordaniako "instalazio garrantzitsuen" aurka. Eraso horien ondorioz, 19 pertsona zauritu dira. Jordaniako agintariek gaitzetsi egin dituzte erasoak, eta, azpimarratu dutenez, eskalada hasi zenetik "gerra saihestu" nahi izan dute eskualdean, baliabide diplomatikoak erabilita. "Erresumaren kezka nagusia da bere segurtasuna eta herritarrena zaintzea”. gaineratu dute.“Misilekin eta droneekin jasan dituen erasoak gure subiranotasunaren aurkako erasoak dira", berretsi dute tokiko iturriek.
Oman
Omanek jakinarazi duenez, bere kostaldetik gertu, pertsona bat hil eta hainbat zauritu dira Marshall Uharteetako banderadun petrolio-ontzi baten aurka tripulaziorik gabeko txalupa batekin egindako erasoan.
Sri Lanka
Gatazkak Sri Lanka zipriztindu zuen joan den astean. Ameriketako Estatu Batuetako itsaspeko batek torpedo batekin eraso zion Irango fragata bati, Indiako ariketa batetik itzultzen ari zenean. Indiako Ozeanoko nazioarteko uretan gertatu zen erasoa. Ontziak 180 marinel inguru zeramatzan, eta erabat hondoratu zen. 84 gorpu berreskuratu zituzten Sri Lankako erreskate-zerbitzuek, eta beste 32 marinel onik atera.
Sri Lankako agintariek defendatu dute erreskate-operazioak Nazioarteko Zuzenbideari jarraiki egin dituztela, eta azpimarratu dute ez dutela "gertakari honetan ezein aldeei laguntzeko asmorik".
Zipre
Akrotiri base britainiarra Zipre uhartean dago, eta drone batekin eraso zioten joan den astean. Ez zen biktimarik izan, baina gertakariak segurtasun-alerta areagotu zuen eta Zipreko zaurgarritasuna agerian utzi, Libanotik 250 kilometro baino gutxiagora baitago.
Hasiera batean, Gobernu britainiarrak jakinarazi zuen jaurtigaia Iranek ekoitzitakoa zela, baina ondoren baieztatu zuen ez zela Irandik heldu.
Turkia
Turkiako Armadak iragarri du NATOren aireko sistemek gutxienez bi misil neutralizatu dituztela, ustez Irandik jaurti direnak. Ez da biktimarik izan, baina Ankarak berretsi du "beharrezko neurri guztiak" hartuko dituztela "zalantzarik gabe, lurraldeari eta aire-espazioari zuzendutako edozein mehatxuren aurka".
Iranek ukatu egin du Turkiaren aurkako erasorik egin duenik.
Zure interesekoa izan daiteke
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Danubiok bere sekretuak agerian utzi ditu lehortearen ondoren: mamut baten aztarnak eta nazien ontziak azalera atera dira
Danubio ibaiak, Europako bigarren luzeenak, lehorte historikoa bizi du, eta bere ur-emaria murriztu denez, iraganeko aztarna harrigarriak utzi ditu agerian: mamut baten aztarnak azaldu dira Bulgarian, eta Bigarren Mundu Gerran hondoratutako dozenaka ontzi ikusgai geratu dira Serbian.
Gutxienez 14 pertsona hil eta 27 zauritu dira Errusiak Kiev eskualdean gauez egindako erasoetan
Brovary barrutian "sute handiak" izan dira biltegi batzuetan, eta baita Velyka Dymerka, Kvitneve eta Peremoga herrietan ere. Astearte honetan, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak Errusiaren aurkako operazio gehiago egitekotan zela iragarri osteko erantzun gisa egin ditu Moskuk azken erasoak.
Bruselak esan du EBk "lanak ondo" egin dituela Ceutan, eta "migrazio erreformak bizkortzeko" eskatu du
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioaren hitzetan, Ceutan lehertutako krisitik ateratako ondorio nagusia da Europar Batasuneko kideek "bat eginda" kudeatu behar dituztela migrazio politikak.
EBko Barne ministroek Ceutako krisia aztertuko dute gaur, ezohiko bilera batean
Europar Batasuneko Barne Ministroen Ezohiko Kontseilua gaur bilduko da, Espainiak eskatuta eta 22 estatu kidek babestuta, Ceutako migrazio-krisia aztertzeko eta Marokotik etorritakoen gorakadari erantzun bateratua emateko.
Marokok mafiei, desinformazioari eta itzulketei buruzko gaizki-ulertuei egotzi die Ceutako krisia
Marokoko Barne Ministerioak migratzaileak Ceutan masiboki sartu izanari buruzko lehen balorazioa egin du, eta 11 pertsona hil direla adierazi du. Rabaten esanetan, giza trafikoko sareek, desinformazio kanpainek eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten interpretazio okerrak eragin dute egoera. Epai horren ondorioez ohartarazi zion Marokok Espainiari, bertako iturri baten arabera.
Ormuzko itsasartearen eta Iranen desnuklearizazioaren inguruko akordioa "berehala" helduko dela uste du Trumpek
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi duenez, gaur arratsaldean bilduko da Teheranekin, Golkoko zenbait herrialderen eskaeraren ostean. Irango Atzerri ministroaren arabera, ordea, Washingtonek ez du Ormuzko itsasartearen inguruko elkarrizketetan parte hartzen.
Idahoko tiroketaren osteko izua: bideo batek jendea oihuka ihesi erakusten du
Auto batetik grabatutako irudietan hainbat pertsona korrika ihesi hasten diren unea ikus daiteke, tiroketa baten berri izan ostean. Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta bi zauritu. Ustezko erasotzailea hilda aurkitu dute bertan.