LAN GATAZKA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Greba mugagabea hasi dute Tubos Reunidosek Amurrion duen lantegian, lan-erregulazioko espedientearen aurka

Gaueko txandan abiatu dute Tubos Reunidoseko Amurrioko langileek greba mugagabea, ostiralean lan-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia akordiorik gabe amaituta. 

Tubos Reunidoseko langileen protesta Bilbon
Tubos Reunidoseko langileen protesta Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Amurrioko Tubos Reunidoseko langileek greba mugagabea abiatu dute, lan-erregulazioko espedientea eta enpresak planteatutako gainerako neurriak gaitzesteko.

Greba mugagabea gaueko txandan hasi dute, ostiralean zuzendaritzarekin egindako bileran akordiorik gabe amaitu eta lan-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia bukatuta.

Lan-erregulazioko espediente horrek 274 pertsonari eragiten die Amurrioko lantegian, baita 27 pertsonari ere Trapagarango lantegian. 

Amurrioko Tubos Reunidoseko enpresa batzordeko ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek (21etik 14) greba mugagabea deitzeko proposamena asanbladara eraman zuten aurreko asteazkenean eta langileek babestu egin zuten.

Langileek atzera bota nahi dute enpresaren erabakia eta eragotzi egin nahi dute altzairutegia ixtea. Bideragarritasun plan bat martxan jarri eta enpresarentzat "norabide bat" finkatuko duen akordio sozial bat landu beharko litzateke euren iritziz, "nahitaezko kaleratzeak" egin gabe. Gainera, sindikatuek ez dute baztertzen auzia judizializatzea. 

Enpresak dio behartuta dagoela 301 pertsonari Enplegua Erregulatzeko Espedientea  (EEE) aplikatzera eta "egoera berri honen aurrean" irekitzen diren agertoki guztiak aztertzera. 

Zuzendaritzak azpimarratu duenez, akordiorik ez lortzeak asko zaildu du Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatearekiko (SEPI) eta bestelako finantza erakundeekiko duten zorra berregituratzea eta finantzaketa bilatzea.

Zure interesekoa izan daiteke

Trabajadores de la plantilla de Tubos Reunidos durante una concentración, frente a la sede del Gobierno Vasco, a 13 de febrero de 2026, en Vitoria, Álava, País Vasco (España). La concentración ha sido convocada por el comité de empresa de Tubos Reunidos Amurrio contra el ERE planteado por la dirección.



Iñaki Berasaluce / Europa Press

13/2/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAren arabera, Trapagarango Tubos Reunidoseko delegatuek "jada ez dute sindikatua ordezkatzen"

Amurrioko eta Trapagarango lantegietan ordezkaritza duten sindikatuek erreakzio ezberdinak izan dituzte enplegu-erregulazoko espedientea atzera bota ondoren. ELA eta LAB langileekin harro agertu dira, eta borrokan jarraitzen dutela adierazi dute, "enplegua defendatuz". CCOO sindikatuaren hitzetan, "ziurgabetasuna" zabaldu da, eta UGTren esanetan, berriz, euren delegatuek "era kontsekuentean" jokatu dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X