Brent upelaren prezioak 105 dolarren langa gainditu du
Iranen aurka AEBk eta Israelek egindako erasoaren aurretik, petrolio upelak 72 dolar balio zuen. Gainera, gas naturalaren prezioa % 2 baino gehiago igo da, eta megawatt orduko 52 eurotik gorakoa da jada. Aliatuek Ormuzko itsasartea berriz irekitzen laguntzen ez badute, NATOk "etorkizun makurra" izango duela ohartarazi du AEBko presidenteak.
Gizon bat, gasolindegi batean. Argazkia: EFE
Europan errefrentziazkoa den Brent petrolioaren prezioa % 2 baino gehiago igo da astelehen honetako 08:22an, eta 105 dolarretik gora kotizatu du Europan Burtsak ireki baino lehen, AEBk eta Israelek Irani eraso aurretik zuten 72 dolarren langatik oso gora.
Bestalde, AEBn erreferentzia den West Texas Intermediate (WTI) petrolio upela % 1,7 igo da, upeleko 98,57 dolarreraino.
Astelehen honetan, Brent petrolioaren prezioak 106 dolarretik gora kotizatu du, baina ondoren 105 dolarrera jaitsi da. Hala ere, 106 dolarretik oso gertu dago.
Gainera, gas naturalaren prezioa % 2 baino gehiago igo da, eta megawatt orduko 52 eurotik gorakoa da jada.
Donald Trump AEBko presidenteak igande honetan ohartarazi duenez, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari (NATO) "oso etorkizun makurra" ekarriko dio aliatuek Ormuzko itsasartea berriz irekitzen lagundu ezean. Izan ere, nazioarteko petrolio merkataritzaren gune estrategikoa da, eta Irango Armadak blokeatuta dauka, Washingtonek eta Israelek Iranen aurka otsailaren 28an abiatutako erasoaldiari erantzuteko.
"Itsasarteari etekina ateratzen diotenek han ezer txarrik ez gertatzea bermatzen laguntzea logikoa da", esan du agintari estatubatuarrak Britania Handiko Financial Times egunkarian egindako elkarrizketa batean. Horregatik guztiagatik, horiek "erantzun ezean" zein erantzuna "negatiboa" izanez gero, NATOren etorkizuna "oso makurra" izango da.