Greba mugagabea hasiko dute igande honetan Amurrioko Tubos Reunidos lantegian
Gaueko txandan hasiko da greba (22:00etan), baina aldez aurretik lau orduko lanuztea deituta dagoenez; benetan, 18:00etatik aurrera hasiko dira lanuzteak.
Amurrioko Tubos Reunidoseko langile batzordearen gehiengoak (ELA, LAB eta ESK) greba mugagabea deitu du martxoaren 16tik aurrera lantegi horretan, lan-erregulazioko espedientea eta enpresak planteatutako gainerako neurriak gaitzesteko. Lan-erregulazioko espediente horrek 274 pertsonari eragiten die Amurrioko lantegian, baita 27 pertsonari ere Trapagarango lantegian.
Greba gaueko txandan hasiko da (22:00etan), baina aldez aurretik gaurko lau orduko lanuztea deituta zegoenez, benetan igande arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango du eragina.
Amurrioko Tubos Reunidos-eko enpresa batzordeko ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek (21etik 14) greba mugagabea deitzeko proposamena asanbladara eraman zuten aurreko asteazkenean eta langileek babestu egin zuten.
Langileek atzera bota nahi dute enpresaren erabakia eta eragotzi egin nahi dute altzairutegia ixtea. Bideragarritasun plan bat martxan jarri eta enpresarentzat "norabide bat" finkatuko duen akordio sozial bat landu beharko litzateke euren iritziz, "nahitaezko kaleratzeak" egin gabe.
Ostiralean akordiorik gabe amaitu zen Tubos Reunidoseko lan-erregulazioko espedientearen negoziazioaren kontsulta-aldia.
Enpresak dio behartuta dagoela 301 pertsonari Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) aplikatzera eta "egoera berri honen aurrean" irekitzen diren agertoki guztiak aztertzera.
Gertatzen ari den guztiak, gainera, krisi larria eragin du Trapagarango lantegiko ELAko ordezkarien eta sindikatuaren beraren artean. Izan ere, Trapagarango ordezkariek oniritzia eman diote EEEri, ELAko zuzendaritzaren iritziaren aurka.