Aldundiek eskumena izango dute beste lurraldeetako ibilgailu gidaridunen zerbitzua ematen duten enpresak zigortzeko
Euskadiko Garraio Agintaritzak protokolo bat adostu du VTC zerbitzuetan ikuskapenak eta zehapenak koordinatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiek eskumena izango dute beste lurralde batean emandako lizentzia duten alokatzeko ibilgailu gidaridunek egindako arau-hausteak zigortzeko. Adibidez, arau-haustea Gipuzkoan egin bada, lurralde horretako foru erakundeak zigortu ahal izango du enpresa, ibilgailuak jarduera-lizentzia Bizkaian badu ere.
Goizean egindako bileran, Euskadiko Garraio Agintaritzak gidaridun ibilgailuak (VTC) alokatzeko zerbitzuetan arau-hausteak zein erakundek zigortu behar dituen zehazteko protokoloa onartu du, "modu sistematikoan eta koordinatuan jarduteko eta segurtasun juridikoa emateko".
EAEko errepide-sareko garraioaren eskumen gehienak foru-eremura eskualdatuta daude 1985etik, beste erkidego batzuetan ez bezala. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak jakinarazi duenez, adostutako dokumentuak “zerbitzuak emateko baldintzak gainbegiratzeko eta kontrola arautzeko beharrari” erantzuten dio.
Arau-hauste posibleen artean daude zerbitzuen aurre-kontratazioa ez betetzea, zerbitzua bide elektronikoz ez jakinaraztea eta hiriartekoak soilik ez diren joan-etorriak egitea.