Lan harremanak

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zer da absentismoa? Patronalaren eta sindikatuen arteko talkaren arrazoiak

Confebaskek dio Europako absentismo tasarik handienetako bat dagoela; sindikatuek, berriz, patronalak egiten duen definizioa bera zalantzan jartzen dute. “Kopurua oso apala da”, diote.

SAN SEBASTIÁN, 17/03/2026.- Una manifestación recorre las calles de San Sebastián este martes con motivo de la huelga general convocada por ELA, LAB y otros sindicatos vascos, en demanda de un salario mínimo interprofesional (SMI) propio. EFE/ Juan Herrero

ELAk, LABek eta Euskal Herriko beste sindikatu batzuek deitutako greba orokorra, Euskal Herrirako lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) propioa eskatzeko. Argazkia: Juan Herrero/EFE

Patronalak gai hau bere kezka nagusietako bat dela azpimarratu du beste behin, nabarmenduz Euskadiko tasa “Europako handienetako bat”. Horren aurrean, sindikatuek diote absentismoa “ez dela existitzen” eta salatzen dute “enpresek langile-klasea kriminalizatzeko erabiltzen dutela”. Bi aldeen artean amildegi bat dago afera honetan, eta absentismoaz egiten duten definizioa bera ere oso ezberdina.

ELAren jarrera

ELAk 400 militante bildu zituen udaberrian laneko segurtasunari eta osasunari buruzko jardunaldi batzuetan, eta bertan argi utzi zuen bere posizioa.

“Euskal Herrian absentismoa % 0 da. Absentismotzat aurkezten diren egoera asko lan eskubideekin lotuta daude: baja medikoak, baimenak, oporrak edo grebak”, adierazi du Pello Igeregik. Haren arabera, “benetako arazoa ez da absentismoa, baizik eta prekarietatea”.

Horrela, Andoni Larraldek salatu du patronalak “absentismoaren aurkako gurutzada” erabiltzen duela kontrol eta zigor neurriak justifikatzeko. “Benetako arazoa presentismoa da: langileak sendatu gabe lanera joatera behartzea”.

Confebasken kritikak

Confebasken ikuspegia oso bestelakoa da. Patronalak dio absentismoa “ez dela patronalaren hitza”, baizik eta “lan harremanen esparruan erabiltzen den terminoa, lanpostura ez agertzea definitzeko, arrazoi ezberdinengatik, justifikatuak zein ez-justifikatuak”.

“Absentismoaz ari garenean, gaixotasun arruntengatik hartutako bajen inguruan ari gara —aldi baterako ezintasunaz—; izan ere, laneko absentzien % 92 dira. Beraz, ez gara ari hitzarmen edo akordioen bidez langileek dituzten baimen edo lizentziez; gaixotasun arruntengatik hartutako baja horiez baizik”, azaldu dute.

Confebaskek nabarmendu du “Euskadiko tasa Estatuko altuena dela eta Europako altuenetako bat, Orkestraren txosten baten arabera”. “Helburua ez da eskubideak zalantzan jartzea, baizik eta aztertzea zergatik gertatzen den hau eta zerk azaltzen duen antzeko egitura produktiboa duten beste lekuetan baino tasa handiagoak izatea hemen, baita enpresa talde bereko lantegien artean ere”, diote.

Halaber, patronalak dio ez duela absentismo terminoaren inguruko polemikarik bilatzen, eta bere definizioa “era orokorrean onartutakoa” dela. “Terminoa berdin zaigu, baldin eta arazo handi honi heltzen badiogu: lehenik, langileen osasunari dagokionez; eta, bigarrenik, enpresen lehiakortasunari dagokionez. Euskadiko enpresak oso kezkatuta daude, eta ez dute ulertzen zergatik ez den elkarlanean aurrera egin nahi diagnostikoan eta konponbideetan, errudunak bilatu gabe”, adierazi dute.

LAB: “Kopurua guztiz testimoniala da”

LABek salatu du absentismoaren kontzeptua desitxuratu egin dela. “Historikoki ulertu da absentismoa lanera azalpenik gabe eta justifikaziorik gabe ez azaltzea zela. Aspektu hau kopurutan, guztiz testimoniala da, eta gainera enpresek badituzte baliabideak balizko arazo horri aurre egiteko. Ikusirik hori ez dela interesatzen zaiena, medioen bidez eragin duten sinismenean, justifikatutako ausentziak ipintzen dira jomugan. Ausentzia horien zati handiena aldirako ezintasunek eragindako bajak dira. Oroitu dezagun bide batez sendagileek erabakitzen dituzten ezintasunak direla”, azaldu du Inko Iriartek.

Sindikatuaren ustez, “patronalak komunikabide lerrokatuak erabiliaz sortu duen sinismena da, iruzurraren mamua hedatu nahian”

Gainera, gogorarazi dute “ez dagoela absentismoaren neurketa ofizialik, ezta gobernu indizerik ere”, eta datuak kalkulatzen dituzten enpresek aldi baterako lan enpresen eremuan jarduten dutela.

“Oroitu dezagun sendagileak direla ezintasunek eragindako bajak erabakitzen dituztenak. Patronalaren eragiteko gaitasunetik kanpo geratzen den ausentzia justifikatu bakarra lehen arretako sendagileek preskribatutako baja horiek dira, izan ere lanak eragindako ezintasunak Mutualitateetako medikuek erabakitzen dituzte eta eremu hori enpresaburuen esku dago, mutuak eurenak direlako. Patronalak zabaldu nahi izan duen ideia da baja horietan langileek iruzurra egiten dutela”, salatu du Iriartek.

LABek, halaber, salatu du “baja arrunten zati oso handia enpresen prebentzio faltak eragiten duela”, eta adibide gisa aipatu ditu “lanetik eratorritako arazo muskuloeskeletikoak eta psikologikoak”, askotan “mutuek ukatzen dituztenak eta kontingentzia arrunt gisa sailkatzen direnak”. Gauza bera gertatzen da lan gaixotasunekin ere, “gehienak ez baitira aitortzen eta baja arrunt gisa agertzen baitira”.

Egoera honen aurrean, LABek honakoa proposatzen du: prebentzioa indartzea, osasun sistema publikoa sendotzea, “mutuen iruzurrarekin amaitzea, publifikatuz” eta erretiro adina aurreratzea.

CC.OO.: “Tasak oso apalak dira"

CC. OO. sindikatuak ere bat egiten du ELAren eta LABen definizioarekin. “Lanaren Nazioarteko Erakundearen definizioaren arabera, absentismoa da justifikaziorik gabe lanean ez agertzea, enpresak agertzea espero duenean”.

“Beraz, baja medikoan, oporretan, ordu sindikaletan edo gurasotasun baimenean banago, ezin da absentismoaz hitz egin, enpresak ez duelako ni agertzea espero”, azaldu du Alfonso Riosek. Definizio hori kontuan hartuta, “tasak oso apalak ditra, irrigarriak”, sindikatuaren arabera.

CC. OO. sindikatuak kritikatu du “gaixo edo baja medikoan dauden pertsonak kriminalizatzen” ari direla, absentismoaren barruan ez diren egoerak sartuta.

Riosen arabera, “bajen atzean borondatea dagoela irudikatu nahi da, baina hori ez da egia, baja medikoa osasun profesional batek agintzen baitu”. Gainera, nabarmendu du “kontrol mekanismoak badaudela, mutuen bidez”.

CC.OO.-ren ustez, diskurtso horrek “gaixo dauden pertsonekiko enpatia mugatzen du”, eta, aldi berean, “langileak baldintza txarretan lanean jarraitzera bultzatzen ditu, behar duten laguntza medikoa eskatu gabe”.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X