Lan-istripua
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ardogile bat hil da Lantziegoko upategi batean izandako istripuan

Ezbeharra 12:20 aldera jazo da, eta gertatutakoaren nondik norakoak ikertzen ari dira. Larrialdi-zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute beharginaren bizia salbatu. 

Ardogile bat hil da ostiral honetan Lantziegon (Araba), bere instalazioetan izandako lan-istripuan, Arabako Foru Aldundiko iturriek baieztatu dutenez.

Istripua 12:20an gertatu da, Hermanos Calleja upategian, Arabako Errioxan. mahatsa biltzeko kanpainaren erdian daudenean.

Segurtasun Sailak emandako lehen informazioen arabera, antza denez, "biltegi bat desmuntatzen" ari zirela gertatu da istripua, baina horren arrazoiak eta inguruabarrak ikertzen ari dira.

Hainbat osasun-langile bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin biktima suspertzeko.

Istripuaren arrazoiak oraindik ezagutzen ez badira ere, Nekazaritza Sailak ohartarazi duenez, ez da inoiz bakarrik egin behar lan arrisku-eremuetan, eta gogorarazi du oso garrantzitsua dela kontu handiz ibiltzea erorikoak, harrapatzeak, makina eta ekipoekin lotutako arriskuak, kontaktu elektrikoak eta gehiegizko ahaleginak saihesteko mahatsa bildu eta ardoa egin bitartean.

Gainera, garai honetako arrisku nagusietako bat hartziduraren eraginez sortzen den karbono dioxidoa (CO2) edo ardoaren bafada metatzea dela azaldu du.

Gas hori koloregabea eta usaingabea denez, eta bereziki beheko aldeetan eta aireztapen gutxiko eremuetan meta daitekeenez, arrisku larriko egoerak sor ditzake.

Horregatik, instalazioen aireztapen egokia bermatzearen garrantzia nabarmendu du, CO2a detektatzeko sistema finkoak edo eramangarriak erabiltzea eta atmosferaren baldintzak egiaztatzea gasak meta daitezkeen deposituetara edo guneetara sartu aurretik, eta lanek irauten duten bitartean kontrolpean izatea.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X