Zaballako sei funtzionariok kea arnasteagatik izandako lesioak "prebentzio gabezi larrien" ondorio izan ziren
ELAk jakinarazi duenez, Lan Ikuskaritzaren txosten batek "kausa-ondorio erlazio argia ezartzen du Administrazioaren omisioen eta lan-istripuaren artean".
Lan Ikuskaritzak ebatzi du Zaballako espetxean, iazko abenduan, sei funtzionariok kea arnasteagatik izandako lesioen atzean "Eusko Jaurlaritzari egotz dakizkiokeen prebentzio-gabezia larriak" daudela.
ELAk eman du erabakiaren berri, arratsaldean zabaldutako ohar batean. Sindikatu horrek eraman zuen gaia Lan Ikuskaritzara, eta orain iritsi da behin betiko txostena. Horren arabera, "kausa-ondorio erlazio argia" dago "Administrazioaren omisioen eta lan-istripuaren artean".
"Dokumentuak zehazten du ziega bateko suteak eragindako larrialdiko esku-hartzea parte hartu zuten langileek ez zutela halako egoera larri bati aurre egiteko beharrezko prestakuntza, informazio eta jarraibiderik. Gainera, agintariek egiaztatu zuten istripua gertatu zen egunean suteak detektatzeko soinu-sistema erabat deskonektatuta zegoela", dio oharrak.
Sindikatuak salatu du "behin eta berriz errepikatzen den egoera" dela honakoa, eta esan du ebazpenak agerian uzten duela "prebentziozko kudeaketa-eredu bat" dagoela, "langileen eta erabiltzaileen bizitza etengabe arriskuan jartzen duena".
Prebentzio-baliabidetan "premiazko inbertsioa" eskatu du ELAk, eta Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio berehala jarduten ez badu, lantokietan mobilizazioetara joko duela eta erantzukizun politikoak argitzeko bide judiziala abiaraziko duela.