Eusko Jaurlaritzaren LEP berria: ia 3.000 plaza datozen 3 urteetarako
Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako Lan Eskaintza Publikoak 2.948 plaza deituko dute, ia erdia Hezkuntzan eta Ertzaintzan. Beste erdia administrazio instituzionalak eramango du.
LEP baten artxiboko irudia, BECen. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Gobernu Kontseiluak Lan Eskaintza Publiko bat onartu du, datozen hiru urteetan 1.460 lanpostu betetzeko deialdiak egiteko. Plaza horietatik, 856 hezkuntza-administrazioan izango dira, 402 Ertzaintzan, eta beste 39 plaza segurtasuneko zerbitzu-laguntzaileak izango dira.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak aurkeztutako LEPak, halaber, 163 plaza aurreikusten ditu Administrazio Orokorrerako eta erakunde autonomoetarako.
Horiei gehitu behar zaizkie Administrazio instituzionalean eta sektore publikoko erakunde instrumentaletan deialdi publikoetarako aurreikusitako beste 1.488 plaza, Gobernu Kontseiluari gaur jakinarazi zaizkionak. Guztira, 2.948 plaza.
Eusko Jaurlaritzak ziurtatu duenez, helburua da "bitartekotasuna murriztea eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko langile finko eta prestatuak izatea", baita "administrazioaren euskalduntzean eta profesionalen arteko ezagutzaren transmisioan aurrera egiten jarraitzea" ere.