Artxibo militarrak, 1977 aurretik gertatu ziren atentatuak argitzeko
Burgoseko eta Ferroleko artxibo militarraz baliatzen ari da Jaurlaritza 1977 aurretik gertatu ziren atentatuak argitzeko. Era honetan, sumarioa ezagutu nahi duten biktimei lagundu nahi zaie.
Jaurlaritza orain 15 hilabete hasi zen terrorismoaren biktimei aholkua emanez, besteak beste, epaiketetara lagunduz eta izandako atentatuen inguruko informazioa epaitegietan edota Auzitegi Nazionalean bilatuz, Justizia Saileko iturrien arabera.
Horrela, Burgoseko eta Ferroleko gobernu militarren elkarlana lortu zuen, eta, besteak beste, Jose Pardines guardia zibilaren heriotzaren inguruko sumarioa aurkitu du. ‘Txabi’ Etxebarrietak hil zuen Pardines, 1968an, Villabonan (Gipuzkoa), eta ordu batzuk geroago Tolosan Guardia Zibilarekin izandako konfrontazioan hil zen Etxebarrieta.
Lan honek garrantzia handia du biktimentzat Jaurlaritzaren ustez, atentatuen inguruko ikerketa ezagutzea ahalbidetzen baitu.