Osakidetzak Espainia osoko kirurgiako itxarote-zerrenda txikienak ditu
idetzako gaixo batek ebakuntza kirurgiko bat egiteko Espainia osoko itxarote-zerrenda txikiena du, ekainera arte alderatutako datuen arabera.
Jaurlaritzaren Osasun Saileko webgunean argitaratu denez, Osakidetzako gaixoen batez besteko itxaronaldia 48 egunekoa da. Nafarroan eta Asturiasen, ordea, 70 eta 62 egun itxaron behar dituzte.
2009-2012 urte arteko itxarote-zerrenden inguruko datuak argitaratu dira. Denbora horretan, zentro pribatuetara bidalitako ebakuntza kirurgikoen kopurua % 70 jaitsi da: 2009an 16.000 izan ziren eta 2012an ez da 4.000ra iritsiko. Gainera, Osakidetzako ebakuntza eskaria hazi egin da azken lau urteetan. Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan 80.690 ebakuntza egin dira eta 2008ko epe berean 73.128 egin ziren, beraz % 10 hazi da.
Hala ere, itxaronaldia pixka bat handitu da ekainetik hona. Iraileko azken datuen arabera, itxaronaldia 54,7 egunekoa da, baina orain lau urteko aldi berarekin alderatuta, 5 egun gutxiago.
Bestalde, sendagile espezialistek artatzeko itxaronaldia batez beste 21,3 egunekoa da, orain lau urte baino 3,5 egun gutxiago. Jaitsiera honen arrazoia, telefono bidezko kontsultak dira, 2012ko irailera bitartean 67.000 baino gehiago izan dira.