Euskadiko irisgarritasunaren mapa, Interneten
Irisgarritasun baldintza bereziak behar dituzten pertsonek "erreminta berria" dute Interneten. Horri esker, Euskadiko garraio publikoen, liburutegien eta gune turistikoen (jatetxeak, hotelak) irisgarritasun mailaren berri izango dute.
Irisgarritasunaren mapa Iñigo Lamarca Arartekoak aurkeztu du Gasteizen. Ekimena "berria" da Estatu mailan, eta Eusko Jaurlaritzak egin du, irigarritasunarekin arazoak izan ditzaketen pertsonen elkarteekin batera. Mapa Arartekoaren atarian dago.
Momentuz, mapak 1.405 tokiren informazioa dauka, baina helburua, Lamarcaren hitzetan, informazio hori handitzen joatea da.
Informazioak kontuan hartzen ditu arazo fisikoak, sensorialak, intelektualak eta organikoak (alergiak) dituzten pertsonak, eta leku jakin baten irisgarritasun mailaren berri ematen du.
Ostalaritza eta garraio publikoa
Lamarcaren arabera, ostalaritzaren sektorean ekimenarekin bat egin duten tokiei buruzko informazioa dago bakarrik. Hori dela eta, gainontzekoei parte hartzeko deia egin die.
Garraio publikoari eta liburutegi publikoen sareari dagokienez, mapak informazio guztia dauka.
Aplikazio informatikoa sofware askea erabilita egin dute, eta Internetetik jasitea doakoa da.