Haur bat hil da Malagan, Erregeen kabalgatako karrozak harrapatuta
Sei urteko haur bat Malagan hil da Erregeen kabalgatako karroza batek harrapatuta. Ezbeharra Torrijos plazatik gertu gertatu da.
Osasun langileen arabera, Zaintza Berezietako Unitate mobila iritsi denean, haurra hilda zegoen eta alferrik aritu dira suspertu nahian.
Haurra harrapatu duen karroza Errege Magoen laguntzaileetako bat zen, eta istripua gertatu denean, Erregeen karrozek ez zuten oraindik euren ibilbidea hasi.
Lekukoek adierazi dutenez, haurra gozoki bat hartzera zihoan karrozaren azpian harrapatuta geratu denean.
Udalak Twitter bidez aditzera emandakoaren arabera, karrozak beharrezko segurtasun neurriak betetzen zituen eta 15 pertsona zeuden hura zaintzen, horietako 12 akreditazioarekin, beste bi herritarren segurtasunekoak, eta, azkena, udaltzaina.
Hildakoaren aita auzitegi-medikua da Malagako epaitegietan.
Bi dolu-egun
Malagako Udalak bi dolu-egun ezarri ditu eta, segurtasunagatik, kabalgata bertan behera ez uztea erabaki du.
Bi dolu-egunak igandea eta astelehena izango dira. Horrez gain, kabalgataren amaieran egin behar zuten lore-eskaintza bertan behera uztea erabaki dute.
Beste hildako bat, duela 23 urte
1990. urtean beste hildako bat izan zen Erregeen kabalgatan. 7 urteko Isidro Sanchez Martin haurra Riber del Fresnoko kabalgatan (Badajoz) hil zen, gozoki bat hartzera zihoazenean, kabalgata batek harrapatu ostean.
Zure interesekoa izan daiteke
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak