Katalunian errezetako euro bat ordaintzeko agindua baliogabetu dute
Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du Generalitateak errezetako euro bat kobratzeko hartutako neurria; izan ere, auzitegiak tramitera onartu du Espainiako Gobernuak jarritako helegitea.
Aipaturiko neurriak espainiarrek botikak hartzeko duten eskubide berdintasuna hausten duela iritzi dio Espainiako Gobernuak.
Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du Espainiako Gobernuaren helegitea. Beraz, neurria bertan behera geldituko da Katalunian, auzitegiak bi aldeen alegazioak tramitatzen dituen bitartean.
Kataluniako Gobernuak alegazioak aurkeztuko ditu
Kataluniako Generalitateak jakinarazi duenez, alegazioak aurkeztuko ditu Auzitegi Konstituzionalak errezetako euro bat ordaintzeko agindua baliogabetu ostean.
Francesc Homs Generalitateko Presidentzia kontseilari eta bozeramaileak adierazi duenez, gaurtik aurrera bertan behera gelditu da errezetako euro bat ordaintzeko Gobernuak hartutako neurria Katalunian, Auzitegi Konstituzionalak gai horren gainean erabaki irmoa eman bitartean.