Emakumeak Indian, gizartearen zutabe baztertuak
Joan den abenduan, New Delhin 23 urteko emakumezko ikasle bat bortxatu eta hil zuten. Gertakariak protestak eta emakumearen egoerari buruz inoiz izan ez den moduko eztabaida eragin ditu Asiako herrialdean. Ordutik, 29 urteko beste emakume bati ere sexu erasoa egin diote, 4 eta 7 urteko bi ume bortxatu dituzte eta 6, 9 eta 11 urteko hiru ahizpa bortxatu eta hil dituzte. Halere, hedabideetan horietara iritsi diren kasuen berri baino ez dute eman.
Gobernuaren aurkako manifestazioak izan dira aste askotan Indiako hiriburuan, eta agintariak emakumeek herrialde horretan bizi duten egoera hobetzeko neurriak hartzera behartu dituzte. Prozesu luzea beharko da, baina, legeak eta, batez ere, gizartea moldatzeko, horrenbeste urteko diskriminazioa desager dadin.
Indian, herritarren % 48 emakumeak izan arren, emakume izatea familiarentzat zama dela uste dute oraindik bertan. Semeak familia iraunarazten du, jabetza oinordetzan hartzen du eta gurasoak zaintzen ditu zahartzaroan. Emakumeen kasuan, berriz, gurasoek ezkonsari handia ordaindu behar diote senargaiaren familiari.
Ezkonsaria, dena den, ez da emakumeek Indian duten arazo bakarra. "Abortu selektiboak, neskato hilketak, etxeko indarkeria eta emakumeen trafikoa oso ohikoak dira oraindik Indiako egunerokoan", Vicente Ferrer Fundazioaren arabera. Horri guztiari haurdunaldien hilkortasun tasa, umeen arteko ezkontzak, jabetza-eskubide baztertzaileak eta elikadura, osasuna eta hezkuntza bermatzeko zailtasunak gaineratu behar zaizkio. Ondorioz, "emakume jaiotzeko herrialde arriskutsuenen rankinean laugarren jarri da India", Thomson Reuters Fundazioaren ikerketa baten arabera.
Azken hiru hamarkadetan, fetu femeninoen 12 milioi abortu selektibo egin dituzte, urtean 600.000. Abortu horien erdia (5 milioi inguru), azken hamar urteetan egin dira, fetuaren sexua jakiteko teknikak hobetu direnean.
Otsailaren bukaeran, hain zuzen ere, gutxienez zortzi pertsona atxilotu dituzte India iparraldean haurdun zeuden emakumeei fetuaren sexua esateagatik eta neska zen kasuetan abortu selektiboa egiteagatik.
Emakumea finantzen arloan sartzea
Estatuaren aurrekontu orokorraren aurkezpenean, emakumeek herrialdean duten egoera hobetzeko funtsa sortuko zuela iragarri zuen Indiako Gobernuak. Gainera, emakumeek finantzen arloan tokia izatea bultzatzeko, banku bat sortuko dutela ere esan zuten agintariek.
Horiek bete bitartean, Vicente Ferrer Fundazioak, besteak beste, emakumeek eskubideak berreskuratzeko eta gizartean gehiago parte hartzeko proiektuak jarri ditu martxan.
"Indian emakumeak familiaren ekonomiaren zutabe nagusia dira. Gizarte eta ekonomia mailan, baina, bazterketa handia pairatzen jarraitzen dute eta horien oinarrizko eskubideak behin eta berriz urratzen dira egunero, jaiotzen direnetik hiltzen direnera arte", Fundazioaren esanetan.
Vicente Ferren Fundazioak erabiltzen dituen tresnetako bat sangham izeneko taldeak dira. "10-20 emakumek osatzen dituzte, euren arazoak konpartitzeaz gain, horietaz kargutu eta elkarri laguntzeko". Ekimen hori abiatu eta 28 urtera, "8.000 sangham osatu dituzte, eta 100.000 emakumek baino gehiagok hartu dute parte horietan", azaldu dute.
Sortu eta aurreztu
Lan hori babesteko, Vicente Ferrer Fundazioak "De Mujer a Mujer" programa jarri zuen martxan duela hamar urte, "lankidetzarako zubiak egiteko Espainia eta India artean". Horrela, ekimen horretan parte hartzen duten emakumeen konpromisoari esker, Anantapurreko kideak gai dira proiektu ekintzaileak martxan jartzeko eta autonomia ekonomikoa eta etorkizun bat bermatuko dizkieten aurrezkiak kudeatzeko.
Orain, gainera, Fundazioak beste pauso bat eman nahi du eta "De Mujer a Mujer. Sociedad Cooperactiva" sortu. "Elkarte iraultzailea izango da, eta Espainiako eta Indiako emakume batzuek osatuko dute. Lehenengoek kapitala jarriko dute, bigarrenek, euren lanari eta esfortzuari esker, negozio txikiak bultza ditzaten, euren biziraupena, eta euren familiena, bermatze aldera. Parte-hartzaileak bazkideak izango dira (neurri berean), oinarri-oinarrian ekonomia jasangarria eta elkartasuna izango dituen elkarte berrian"; horien hitzetan.

UNICEFek salatu duenez, Indiako zazpi milioi emakume baino gehiago ez dira sekula eskolara joan eta nekazaritza eremuetan egiten diren ezkontzen % 56 goiztiarrak dira. Gainera, 36 milioi emakume alargunduta, bananduta edo ezkondu gabe daude, NBEren datuen arabera, eta gizartetik baztertuta bizi dira. Fundazioaren erronka "emakumeek osatutako elkarte kooperatibo handiena sortzea da, nekazaritza eremu txiroenetako milaka emakumek aukera izan dezaten bazterketa egoera aldatu eta gizartea eraldatzeko".
Programan parte hartu nahi duenak hilean bederatzi euro eman beharko ditu. "Diru horren % 60 Indiako emakume bakoitzaren izenean kontu bat irekitzeko erabiltzen da. Epe finkorako kontu hori interesak ematen joango da, eta, zazpi urteren ostean, emakumeak kapital txiki horren jabe bihurtuko dira. Gainerako % 40a emakumeek gizartean izan behar duten parte-hartze aktiboa sustatzeko erabiltzen du Fundazioak", bertatik azaldutakoaren arabera.
Besteak beste, Maribel Verdu aktorea, Ana Pastor kazetaria eta Teresa Perales kirolari paralinpikoa dira kanpaina honen aurpegi ezagunak. "Enpatia da gakoa, ziur asko mundua alda dezakeen ideologia bakarra", esan du Pastorrek.
Zure interesekoa izan daiteke
1.500 emakumek erasoak jasan dituzte Euskadin martxora arte, % 69,4k bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindakoak
Delitu motaren arabera sailkatuta, ugaritu egin da familia barruko indarkeria —ez ditu bikotekideak edo bikotekide ohiak kontuan hartzen—. Guztira, 298 biktima izan dira martxora arte, hau da, aurreko urtean baino % 11,6 gehiago, Emakumearen Euskal Erakundeak (Emakunde) bildutako datuen arabera.
Astelehenean epaituko dute Baionako bestetan Eric Courdyren hilketagatik auzipetutako Jerome Verin boxeolari ohia
2024ko uztailaren 11n, Baionako bestetan, Eric Courdyri eraso egin zion Jerome Verin boxeolari ohiak, eztabaida baten ostean, autobus geraleku batean. Sei egun koman eman ondoren hil zen Courdy.
Foruzaingoak aisiarako bederatzi lokal erregistratu ditu Iruñerriko bost udalerritan
Operazioan, 20 akta ireki dituzte, drogak konfiskatzeagatik, eta hiru pertsona salatu dituzte, erresistentzia eta desobedientzia egotzita, eta beste bi, debekatutako armak eramateagatik.
Muskizen piztutako sutearen ondorioz 40 familia urik eta gasik gabe daude
Udalak behin-behineko komun batzuk jarri dizkie kalean, eta kiroldegira joan behar dute garbitasunetarako. Oinarrizko zerbitzu horiek lehenbailehen berreskuratzeko, buru-belarri ari dira lanean. Sua garajean hasi zen, eta Ertzaintzak gertatukoa ikertzen jarraitzen du.
Astelehen honetan hasiko da Maialen Mazonen ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa
Hilaren 15era arte dago programatuta, eta herri epaimahaia osatuko duten herritarrak aukeratuta hasiko da. Akusazioek 45 urteko kartzela zigorra eskatzen dute ustezko hiltzailearentzat, Zigor Kodeak baimentzen duen zigorrik handiena.
Leon XIV.a aita santuak lehendakaria hartuko du Vatikanoan maiatzaren 13an
Egun horretan egingo den audientzia orokorrera gonbidatu du. Eusko Jaurlaritzaren arabera, balio handiko topaketa izango da, eta Euskadik nazioartean duen presentzia instituzionala indartuko du.
72 urteko mendizale bat hil da Serantesen
Bizkaiko mendiaren hegal batean aurkitu zuten hilda, hainbat orduz haren bila aritu ondoren.
Komunean kaka egiterakoan jarrera hobetzeko gailu bat diseinatu dute Iturgoiengo lau bizilagunek
Osasuna eta ergonomia uztartzen dituen ekimen berritzaile horren atzean Asier eta Iñigo Arabaolaza, Joseba Imaz eta Jose Antonio Lazcano daude; 'Naturpos' gailuaren sortzaileak. Oso sistema erraza erabiltzen du gailuak. Hankak altxarazten dizkio erabiltzaileari, nolabait gorputzaren jarrera naturala har dezan.
Hiru pertsona zauritu dira Arrigorriagan, autobus baten eta auto baten arteko istripuan
17:00ak pasatxo gertatu da ezbeharra, eta, ondorioz, errepidea itxita dago eta ibilgailuen zirkulazioa AP-68ra desbideratzen ari dira.
Maleta susmagarri bat leherrarazi du Poliziak Iruñean
Iruñean, Espainiako gobernu-ordezkaritzaren egoitza aurrean norbaitek utzitako maleta batek susmo txarra eragin du, eta gune osoa itxi dute. Merindadeen plazako autobus markesina batean aurkitu dute maleta susmagarria.