Ezbeharra
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Azkoiengo emakume bat hil da Filipinetan, sumendi baten erupzioan

Gutxienez 5 lagun hil dira Mayon sumendian: filipinar gidari bat, eta hiru turista alemaniar dira beste hildakoak.
Azkoiengo emakume bat hil da Filipinetan, Mayon sumendiaren erupzioan. Argazkia: EiTB

Azkoiengo 31 urteko emakume bat hil da Filipinetan, Mayon sumendiaren erupzioak harrapatuta, Manila hiriburutik 360 kilometrora. Gutxienez, bost lagun hil dira Mayon sumendiak atzo izandako erupzioaren ondorioz: filipinar gidari bat, eta hiru turista alemaniar dira beste hildakoak.

Antza denez, bost hildakoak Mayon sumendia eskalatzen ari ziren, erupzioa gertatu zenean, beste 22 lagunekin batera.

Maria Jose Vidorreta Azkoiengo alkateak baieztatu duenez, Sara Frances Nicolay azkoiendarra da Filipinetan hildakoetako bat, eta bere samina adierazi du.

Hildakoaren senitartekoak kezkatuta zeuden, Sararen berririk ez zutelako eta sumendiaren inguruan zebilela bazekitelako. Azkoiengo alkateak adierazi duenez, kontsulatuak eta Ministerioak baieztatu dute gaztearen heriotza.

Sara Frances Alemanian bizi zen, eta oporretan zegoen Filipinetan, Juri mutil lagunarekin eta haren lehengusuarekin batera, eta bi horiek ere ezbeharrean hil dira.

Duke Nuñes funtzionario filipinarrak jakinarazi duenez, ezbeharrean beste zortzi lagun zauritu dira, eta zazpik sendagiria jaso dute dagoeneko. Tailandiako herritar bat da ospitalean jarraitzen duen zauritu bakarra.

Erreskate taldeak bost hildakoen gorpuak jaisten hasi dira, eta Nuñes funtzionarioak adierazi duenez, datozen egunetan herriratuko dituzte hildako lau turistak, tartean, emakumezko nafarra.

Atzo leherketa izan bazen ere, Filipinetako Gobernuak baieztatu du ez dagoela erupzio arriskurik. 1814. urtean 1.200 lagun inguru hil eta Cagsawa herria lurpean gelditu zen Mayon sumendiaren erupzioaren ondorioz.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

San Fermineko entzierroen ibilbidean irrist ez egiteko produktua aplikatu dute

Hamar bat pertsonak lan egin dute gauean produktu irristagaitza 1.875 metro karratu ingurutan zabaltzeko. Eremu babestuak Santo Domingoko aldaparen amaieran hasi eta Mercaderesko bihurgunera eta metro batzuk harago heltzen dira, Estafetaraino, hain zuzen ere. Lana eskuz egiten da, ureztagailuak eta erratzak erabilita. Arduradunen arabera, likido irristagaitzak erreakzio bat sortzen du, eta erreakzio horrek zoladuraren mikroporoak askatzen ditu. Zulo horiek bentosa-efektua sortzen dute, eta saihestu egiten du pertsonek edo zezenek irrist egitea. Konposatua duela 20 urtetik aplikatzen da Sanferminetan, eta bereziki ondo funtzionatzen du zoladura bustita dagoenean.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X