Hondakinen bilketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Txipa duten edukiontziak erabiltzearen alde egin dute Zumaian

Alderdi politikoek eta herriko eragileek edukiontzietan oinarritutako bilketa egiteko akordioa lortu dute, baina behartzea bermatuta.
Txipa duten edukiontziak erabiltzearen alde egin dute Zumaian. Argazkia: EITB

Hondakin bilketa egiteko, txipa duten edukiontziak erabiltzearen alde egin du Zumaiak. Zehazki, bilketa hori identifikatuko duen txip elektronikodun edukiontzien bidez eta barra kodedun poltsen bidez egitea da asmoa.

Hondakinen inguruan lortutako adostasunak eta sistemaren inguruko xehetasunak azaltzeko, prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan Zumaiako Hondakinen Mahaiak. Bertan, Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak (Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE eta Aralar), Birziklapena bai, atez atekorik ez plataforma, Zero Zabor Zumaian taldea eta Natur Taldea daude.

Agerraldi horretan azaldu dutenez, edukiontziak irekitzeko txartel pertsonalizatua izango du etxebizitza bakoitzak, eta horrek gertuen dituen frakzio bakoitzeko edukiontziak irekitzeko aukera emango die (gutxienez, organikoa, errefusa eta ontzi arinak). Txartelak barra kode propioa izango du, eta herritarrak barra kodeaz identifikatuta dauden poltsak soilik erabiliko ditu bere hondakinak edukiontzira botatzeko. Halaber, ez da egutegi finkorik izango hondakinak botatzeko.

Modu horretan, edukiontzietan oinarritutako bilketa egiteko akordioa lortu dute, baina atez atekoen aldekoek aldarrikatzen duten behartzea bermatuz.

Helburua, % 80 inguruko birziklapen tasa lortzea da. Helburu horretara iristen ez badira, ''neurri zuzentzaileak jarri beharko dira'', akordioan jaso dutenez.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X