Richterren eskalan hiru gradu hartu dituen lurrikara, Iruñerrian
Richterren eskalan hiru gradu harrapatu dituen lurrikara bat izan da gaur Nafarroan. Epizentroa Olaben izan duen lur mugimendua igarrita, Iruñerritik dei franko jaso dute larrialdi zerbitzuek.
Espainiako Institutu Geografikoaren arabera, 11:04:56an mugitu da lurra Nafarroan, eta epizentroa Olabe Olaibarreko kontzejuan kokatu dute.
Lurrikarak ez du kalterik egin, eta Nafarroako larrialdi zerbitzuek ez dute inora bertaratu behar izan, Nafarroako Gobernuak adierazi duenez.
Uharte, Esteribar eta Egues herrietako biztanleek lurra mugitzen ari zela nabaritu, eta 112ra deitu dute, Gobernuaren hitzetan, baina, ez da horrekin lotuta gertakari adierazgarririk izan.
Hainbat hedabidek esan dutenez, besteak beste, Iruñean, Sarrigurenen, Burlatan eta Atarrabian nabaritu dute lurrikara.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak