Etorkinen kopuruak behera egin du bigarren urtez jarraian Euskadin
Euskadin bizi diren etorkinen kopuruak behera egin du bigarren urtez jarraian; izan ere, aurten urtarrilaren 1ean 140.917 atzerritar zeuden EAEn erroldatuta, 2013an baino % 5,3 gutxiago. Krisia eta nazionalizazio prozesuen gorakada dira beherakada horren arrazoi nagusiak.
2012an % 2,5 egin zuen behera Euskadin dauden etorkinen kopuruak, eta iaz ere beherako joerarekin jarraitu zuen. EAEn, baina, Espainian baino txikiagoa izan zen beherakada hori, % 9,8koa izan baitzen bertan. Atzerritarren kopurua biztanleria osoaren % 6,4koa da Euskadin, eta % 10,7koa da Estatuan. Datu hauek guztiak Ikuspegik, Immigrazioaren Euskal Behatokiak, bildu ditu.
Euskadi da etorkin kopuru txikiena duen autonomia erkidegoa, Kataluniaren (% 6,3) eta Murtziaren atzetik.
Etorkinen profilak
Marokoarrak dira nagusi, hirugarren urtez jarraian, Euskadin, guztira 18.377 (etorkinen % 13) baitira, eta errumaniarrak (17.085), bolibiarrak (10.097), kolonbiarrak (7.636), portugaldarrak (7.289), aljeriarrak (5.563) eta txinatarrak (5.229) daude jarraian.
Bizkaia da etorkin gehien jaso dituen lurraldea; 68.004 etorkin daude bertan erroldatuta, 2013an baino % 7,9 gutxiago, hain zuzen ere. Atzetik, Gipuzkoa (46.303 etorkin, iaz baino % 0,8 gutxiago) eta Araba (26.610 etorkin, iaz baino % 6,1 gutxiago) daude.
1988an 15.198 etorkin (biztanleriaren % 0,7) izatetik aurten 140.917 etorkin izatera pasatu da Euskadi.