Bilboko Udaltzaingoak ohartarazi du "erne eta Ertzaintzarekin elkarlanean" dabilela Blocusen deialdiei erantzuteko
Datorren astebururako deituta omen dauden mobilizazioen aurrean, Udaltzaingoak ohar bat igorri du herritarrei eskatzeko "lasai egoteko, zuhur jokatzeko eta kontrastatu gabeko informazioa zabaltzen ez laguntzeko".
Bilboko Udaltzaingoa "erne eta Ertzaintzarekin elkarlanean" dabil astebururako deituta omen dauden mobilizazioei erantzuteko. Horregatik, lasaitasuna eskatu die herritarrei.
Udaltzaingoak ohar bat igorri du herritarrei eskatzeko "lasai egoteko, zuhur jokatzeko eta kontrastatu gabeko informazioa zabaltzen ez laguntzeko", sare sozialetan bolo-bolo dabiltzan mezuei aipamen eginez.
Bilborako deituta omen dauden mobilizazioen aurrean, istiluak sor daitezkeela iritzita, Udaltzaingoa Ertzaintzarekin ari da lanean, "egoeraren jarraipena egiteko".
Gainera, Bilboko Udalak herritarrei galdegin die "inola ere ez babesteko gizalegearen aurka egiten duten ekintzak eta jarrerak, edota herritarrak konprometitzen dituztenak".