Tren Istripuen Ikerketa Batzordeak neurriak eskatu zituen 2024an, giza akatsak prebenitzeko
Txosten batek ohartarazi zuen trenbidea egiaztatzea giza faktorearen esku dagoela, eta talkak murrizteko neurri teknikoak eskatu zituen. Dokumentuak Cuencako tren-geltokian izandako gertakari baten ondoren idatzi zuten, Urdako estazioan gertatutakoaren oso antzekoa izan zen hura, segurtasun-sistemek eta hainbat akatsek eragindakoa.
Neurri teknikoak hartzea eta protokoloak indartzea. Horiek izan ziren Trenbide Istripuen Ikerketa Batzordeak (CIAF) bere txostenean jasotako ondorio nagusiak, 2024ko ekainaren 25ean Cuenca-Fernando Zobel geltokian izandako gertakari baten harira.
Gertakari hartan ere, Abiadura Handiko tren batek seinale gorri bati muzin egin zion, baina, zorionez, ez zen hildakorik ez zauriturik izan. Han gertatutakoa, ordea, Urdan (Toledo) gertatutakoaren oso antzekoa izan zen. Azken istripu larri honetan, baina, gutxienez 69 pertsona hil dira.
Orduko ohartarazpena horrek garrantzia hartu du asteazken honetan Toledoko udalerri horretan izandako istripu larriaren ostean; izan ere, Renfeko AVE tren batek eta geldirik zegoen Iryoko tren batek talka egin zuten.
Zer gertatu zen Cuencako geltokian?
Murtziatik Madrilerako bidea egiten ari zen AVE trena Cuencako geltokian gelditu zen bidaiariak igotzeko. Martxan jartzerakoan, makinistak seinalea gaizki interpretatu zuen, gorri baitzegoen, eta trena abiarazi zuen.
Trenak seinale gorria igaro bezain pronto, segurtasun-sistemak ERTMS sistemaren TRIP moduak) automatikoki detektatu zuen arazoa eta trena berehala gelditu zuen. Geldialdi horren ostean, ordea, bigarren akats bat gertatu zen; ez makinistak ez geltokiko zirkulazio-arduradunak ez zuten identifikatu trenak seinale gorria pasata zuela.
Arduradunak, hurrengo trenbide-tartea libre zegoela ikusi ostean eta giza egiaztapen hutsean oinarrituta, martxan jartzeko baimena eman zion berriro trenari.
Tren Istripuen Ikerketa Batzordeak gertakari hori ikertu eta txosten batean ohartarazi zuen segurtasuna giza faktorearen mende uztea “arriskutsua eta huts egiteko erraza” dela. Batzordeak neurri tekniko automatikoak eskatu zituen giza akats horiek prebenitzeko.