PROGRAMA PILOTUA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osakidetzak programa bat bultzatu du iktusa izan dutenek ariketa fisikoa egiteko

8.000 kasu inguru izan dira iaz Euskal Herrian. Urriaren 29a da Iktusaren Nazioarteko Eguna, prebentzioa eta identifikazioa sustatzeko eguna.

Pazienteak, gainbegiratutako ariketak egiten. Argazkia: Irekia.

Osakidetzako Gorlizko Ospitaleak eta Getxo Kirolak-ek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, iktusa izan dutenentzako programa bat abiarazteko, gainbegiratutako ariketa fisikoa egin dezaten sustatzeko. Iktusa hartutako desgaitasunaren kausa nagusietako bat da helduen kasuan, eta programa horren helburua da beren bizi-kalitatea, autonomia eta parte-hartze soziala hobetzea.

Programa iktus iskemikoa zein hemorragikoa izan dutenei zuzenduta dago, bereziki, errehabilitazioaren ondoren beren osasuna eta autonomia zaindu nahi dutenentzat, ondorio motorrak larriak izan ez diren kasuetan. 

Proiektua Gobelako instalazioetan garatuko da. Aurreikuspenen arabera, 24 pazientek 12 astez gainbegiratutako ariketak egin ahal izango dituzte. Gorlizko Ospitaleko Medikuntza Fisikoko eta Errehabilitazioko Zerbitzuaren ardura izango da parte-hartzaileak hautatzea eta baloratzea, hala nola horien programa egokituak diseinatzea.

Ebidentzia zientifikoaren arabera, gainbegiratutako ariketa fisikoak hobetu egiten ditu gaitasun kardiobaskularra, muskulu-indarra, oreka, mugikortasuna eta independentzia eguneroko bizitzan jarduerak egiteko. Gainera, ongizate emozionala, konfiantza pertsonala eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du, eta elkarguneak, parte-hartzea eta elkarrekiko laguntza sustatzen ditu.

7.000 kasu Hegoaldean

Urriaren 29an Iktusaren Munduko Eguna da. Egutegian markatutako dataren helburua da arrisku kardiobaskularra prebenitzea, sintomen identifikazio goiztiarra ezagutaraztea eta medikuen premiazko arretaren garrantzia gogoraraztea.

Urtero, Osakidetzak milaka persona artatzen ditu gaixotasun horren ondorioz. 2025ean, ia 6.900 iktus-kasu artatu ziren; horietatik, % 51,9 gizonezkoak izan ziren eta % 48,1 emakumezkoak. Pazienteen erdiak baino gehiagok, 3.858 pertsonak (% 56,2), 75 urtetik gora zituzten; haietatik, % 55,3 emakumeak ziren eta % 44,7 gizonak. Bestalde, kasuen % 39,7 46 eta 75 urte bitarteko pertsonak izan ziren. 

Lurralde historikoei dagokienez, Osakidetzak 800 paziente baino gehiago artatu zituen Araban, 3.500 baino gehiago Bizkaian eta 2.400 baino gehiago Gipuzkoan. Zifra horiek 2024an erregistratutakoen antzekoak dira, 75 urtetik gorakoen kasuan igoera txiki batekin.

Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak 1.192 alerta aktibatu zituen "iktus kodea" protokoloagatik, eta 1.037 ospitaleratze zenbatu zituen arrazoi horrengatik, Foru Gobernuak jakinarazi duenaren arabera. Ospitaleak herritarrei informazioa emateko programa bat du gaur. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X