ETXEBIZITZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko maizterren egoera aztertuko du etxebizitzak eman aurretik

Bi urteko prozesua abiatuko du egoiliarrek etxebizitzarekin jarraitzeko zilegitasuna ote duten ikusteko, etxebizitzei ematen zaien erabilera eta maizterren egoera ekonomikoa aztertuta.

Benta Berri. Argazkia: EITB

Donostiako Benta Berriko etxebizitza babestuetako maizterrek bertan jarraitzeko duten zilegitasuna egiaztatzeko prozesua iragarri du Eusko Jaurlaritzak.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bi urteko prozesua abiatuko du, 2028ko azarora arte hain zuzen ere. Orduan amaitu behar ziren, hasiera batean, alokairu kontratuak, etxebizitzen erosketa publikorik egin ez balitz. Prozesu horren helburua eraikinaren "funtzio soziala bermatzea da eta, aldi berean, gaur egun bertan bizi diren familiei segurtasuna, ziurtasuna eta egonkortasuna eskaintzea".

Denis Itxaso sozialistak zuzentzen duen Sailak konpromisoa hartu du prozesuari "sentsibilitatez, proportzionaltasunez eta bertan zilegitasunez bizi direnen errealitate ekonomikoa eta familiarra erabat ezagututa" heltzeko.

Prozesu hori bi fasetan banatuko da: baztertzeko arrazoi posibleen berrikuspena eta diru-sarreren azterketa.

Lehenengo fasean, gaur egun etxebizitzari ematen zaion erabilera egiaztatuko dute batez ere, hainbat faktore kontuan hartuta: lehenengo etxebizitza gisa erabiltzen ote den, maizterrak bere izenean beste etxebizitzaren ba ote duen edo erabilera desegokia  ematen ote zaion (etxebizitza turistiko gisa erabiltzea, etab.).

Azken kasu horri dagokionez, Etxebizitza Sailak lehen alderaketa bat egin du Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza turistikoen erregistroarekin, eta bertan ez dago Benta Berrin erregistratutako etxebizitzarik.

Bigarren fasean, ez da maizterren diru-sarreren egiaztapen "soila" izango. Beste faktore batzuk ere aztertuko dira: erretiroaren gertutasuna, familia-errenta gisa hartzen diren seme-alaben balizko emantzipazioa, edo "familien benetako ahalmen ekonomikoa nabarmen alda dezaketen familia, lan edo ekonomia eraldaketak".

"Kontua da, beraz, diru-sarreren ebaluazio estatiko hutsa gainditzea eta familien inguruabarren azterketa dinamikoagoa, indibidualizatuagoa eta errealistagoa egitea", azpimarratu du Sailak.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X