Bartzelonako gaixoak ez du ebolarik
Ebola izan zezakeelakoan Bartzelonako Clinic Ospitalean zegoen gaixoak ez du ebolarik, Kataluniako Osasun Sailak ostegun honetan jakitera eman duenez.
Gaixoa Bartzelonako Vall d´Hebron Ospitalean zegoen hasiera batean, baina sintomak ikusirik, adituek nahiago izan dute Clinic Ospitalera eraman bertan sakon azter dezaten.
Azterketaren emaitzak Madrilgo Majadahonda Mikrobiologia Zentro Nazionalera bidali dituzte bertan ondo aztertu eta gaixoak ebola duen edo ez baieztatzeko. Izan ere, gaixoa abuztuaren 17an heldu zen Bartzelonara Ginea Conakrytik, ebola kasuak atzeman diren zonaldetik, hain zuzen. Han zela, traumatismo kraneoentzefalikoa izan zuen ginearrak, eta bertan artatu zuten. Beraz, zonalde hartako erizainekin kontaktuan egon da.
Iragan astean lehenengo aldiz jarri zen martxan protokoloa Bartzelonan, 36 urteko diplomatiko senegaldar batek ebola izan zezakeelakoan. Clinic Ospitalean bakartuta egon zen, izan ere, Ginea Conakryn izan da abuztuan, ebola kasu dezente dauden lurraldean, hain justu.