Vicente Atxa izango da Mondragon Unibertsitateko errektorea
Vicente Atxa ingeniaria izango da Mondragon Unibertsitateko errektore berria, Iosu Zabalaren ordez. Azken horrek maiatzean iragarri zuen kargua uzteko erabakia, haren mandatua amaitzean, abenduan.
Mondragon Unibertsitateko Batzorde Nagusiak martxan jarri zuen orduan ondorengoa izendatzeko prozesua, “egungo errektorearen eta berriaren artean bizikidetza denboraldi bat” izateko, erakunde akademikoak ohar batean jakitera eman duenez.
Gaur, behin prozesua amaituta, Batzorde Nagusiak ezohiko bilera bat egin du, eta aho batez Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendaria aukeratu du. 2015eko urtarriletik aurrera izango da errektore berria.
Atxa (48 urte ditu) goi-ingeniaria da Elektronikan, eta Elektronikan eta Komunikazioan doktorea, Erresuma Batuko Staffordshire Unibertsitatean.
Duela zortzi urtetik Mondragoneko Goi Eskola Politeknikoko zuzendari nagusia da, baita Mondragon Unibertsitateko Zuzendaritza-Batzordeko kidea ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak