Osasun zerbitzuek zuzen jokatu zuten Trebiñun, Arartekoaren arabera
Trebiñun barizelak jota hil zen neskatoaren inguruko txostena egin du Arartekoak, ofizioz, eta gaur jakinarazi dituzte ondorioak.
Haurraren amak 112 larrialdi zerbitzuei egindako deiaren ondoren osasun zerbitzuek zuzen jokatu ote zuten aztertu nahi zuen Iñigo Lamarkak.
Radio Euskadik irakurri ahal izan ditu ondorioak, eta jakitera eman duenez, Arartekoaren ondorio nagusia da osasun arduradunek zuzen jokatu zutela.
Hala ere, Arartekoak argi adierazten du prozesu judiziala dagoela irekita kasua argitzeko, eta bertan erabakiko dutela medikuek arduragabekeriaz jokatu zuten ala ez. Hala ere, kasu horretan osasun zerbitzuen funtzionamenduarekin lotutakoak aztertzea Arartekoari omen dagokio.
Arartekoa hiru ondoriotara iritsi da: osasun arduradunek gertakariak eskatzen zuen garrantziaren arabera jokatu zuten, Trebiñun gertatu izanak ez zuen eraginik izan 112 zerbitzuen erantzunean eta Osakidetzaren koordinazioan, eta osasun administrazioen jokabidea egokia izan zen haurra hil aurretik eta ondoren.