Gizon bat hil da Nafarroan, denboralearen eraginez
70 urteko gizon bat hil da larunbat honetan Los Arcosen (Nafarroa), azken egunotan Euskal Herria astintzen ari den euri eta elur denboralearen eraginez. Gizonaren ibilgailua Odron ibaiak eraman du, eta auto barruan aurkitu dute gizona hilik.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hildakoaren senideek haren desagerpenaren berri eman zuten atzo 15:48 inguruan, etxera itzultzen ez zela ikusita.
Ondoren, suhiltzaileak eta foruzainak gizona bilatzen hasi ziren eta 17:00ak aldera haren furgoneta aurkitu zuten.
Alerta laranja ezarri dute elurragatik igande gauerdira arte. Euskalmeten arabera, elurraren maila 300-400 metro inguruan kokatuko da igande goizaldean.
Igandean eguraldiak ildo beretik jarraituko du, egunaren lehenengo partean behintzat. Zaparradak botako ditu, sarriago eta indar handiagoz kantauriar isurialdean, eta iparraldean ekaitzak joko du eta txingorra ere espero da. Elurraren maila 300-400 metrora kokatuko da eta ekaitz eremuetan, berriz, noizbehinka 100 edo 200 metrora ere elurra egingo du. Arratsaldetik aurrera ekaitza lehertzeko aukera txikituz joango da eta elur-mailak gora egingo du eta gauean 500 edo 600 metrora kokatuko da jada. Negu beteko giroa espero da eta ipar-mendebaldeko haizeak bizi ibiliko da.
Lehendakaria Enkarterrietan izan da denboralearen kalteak ikusten
Iñigo Urkullu lehendakaria, Juan Mari Aburto Enplegurako sailburua, Jon Darpon Osasun sailburua, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia, Irene Pardo Nekazaritzarako ahalduna eta Javier Portillo Zallako alkatea Enkartazioetan izan dira larunbat goizean, hain zuzen ere, ostiraleko denboralearen ondorioz kalte handienak jasan dituzten eskualdeko udalerrietan.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, lehendakariak eta ahaldun nagusiak kalteak eta Zalla, Güeñes eta Balmaseda udalerrietako biztanleen beharrak ezagutu nahi izan dituzte bertatik bertara.
Zallako alkateak kalteak zenbatu ditu. Bestalde, Juan Mari Aburtok Eusko Jaurlaritzako etxebizitzak eskaini dizkie uholdeen ondorioz etxe barik geratu diren familiei. Halaber, Gizarte Zerbitzuek aparteko laguntza eskainiko dutela iragarri du.
Azkenik, Jose Luis Bilbaok jakitera eman duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak astelehenean abiatuko du udalerri kaltedunentzako laguntza-plana.
'0' egoera
Uholdeei aurre egiteko Euskadiko Planaren larrialdi-fasea 1etik 0-ra igaro dela iragarri du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. "Litekeena da oraindik ageri ez diren balizko larrialdiak izatea, izan ere, hainbat baldintza kontuan hartuta eta egoerak okerrera egiten badu, posible da horrelakorik jazotzea", azaldu du sailburuak. Eguraldi-iragarpenarekin eta urtegien funtzionamendu okerrarekin lotutako baldintzak izaten dira.
Halaber, hainbat ibai zaintzen jarraitzen dute, bereziki, URA Uraren Euskal Agentziak, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eta foru aldundiek.
Araba
Araba Araban, urak ez du aparteko arazorik eragin, eta elurra da kezkarik handiena.
Elurrari aurre egiteko operatiboa aurreratu dute Gasteizen, Javier Maroto alkateak jakinarazi duenez. Elurra uste baino lehenago heldu da hirira, eta 10:00etarako elurra mara-mara zegoenez, operatiboa martxan jartzea erabaki du Udalak. Aurreikusitako operatiboan, elurra kentzeko 48 ibilgailuk parte hartuko dute. Halaber, Udalak 1.200 kilo gatz banatu ditu Gasteizko auzoetan eta industrialdeetan, etxerako, negozioetarako eta aparkalekuetarako sarrerak garbitu ditzaten.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Bernedoko mendatea erabat itxita dago ibilgailu guztientzat eta Zaldiarango gainetik igarotzeko kateak beharrezkoak dira. Bestalde, Herrerako, Azazetako eta Opakuako gainak kamioientzat itxita daude eta autoek kateak behar dituzte. Bestalde, AP-1 autobidea, Armiñonen, erabat itxita dago kamioientzat.
Bestalde, hainbat ibai bidetik atera dira. Luiaondon eta Okondon, ibaiek gainez egin dute, eta Langraizen ere Zadorra bere bidetik atera da, N-1 errepide zaharraren parean.
Nafarroa
Sustapen Ministerioak 106 makina mobilizatu ditu larunbat arratsaldeari elurrari aurre egiteko. AEMET Espainiako Metereologia Agentziak alerta laranja ezarri du elurragatik Nafarroan. Eguraldi iragarpenaren arabera, Piriniotan 20 zentimetro pilatu daitezke, 15 zentimetro kantauriar isurialdean eta 10 zentimetro, erdialdean.
Hori dela eta, Javier Morras kontseilariak ahal dela autorik ez hartzeko eta mendira irteerarik ez egiteko aholkatu die nafarrei.
Denboralearen ondorioz hainbat errepide itxi behar izan dituzte: Barrancako autobia (14. kilometroan) eta NA-30 errepidea (Landaben poligonorako sarbidea), Arga ibaiak gainezka egin ondoren. Halaber, luizi batek arazoak eragin ditu N-121-A (Iruña-Behobia) errepidean.
Iruñeko eskualdeak Arga ibaiaren gorakada ikusi du gaur, kalte larririk gabe. Hala ere, hainbat aparkalekutan uholdeak izan dira, esaterako, Burlatan edo Atarrabian. Nafarroako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, atzo 3,06 metroko altuera neurtu zuten Argan, eta gaur goizean, berriz, 2,23 metro. Beraz, ur-emariak beheranzko joera hartu du.

Gipuzkoan, maila berdea
Gipuzkoako ibai gehienak maila berdean daude. Gauean euri gutxiago egin du, eta errekek behera egin dute.
Oriaren eta Urumearen ur-emaria atzo oso handia izan zen arren, urak ez zuen txikiziorik eragin, eta bere onera itzuli dira ibaiok.
Deba ibaia alerta gorrian egon zen Oñatin, baina han ere ibaiaren emaria jaitsi egin da.

Urumea Plana, bertan behera
Donostiako Krisi-Mahaiak bertan behera utzi du Urumea Plana, ibaiaren ur-emaria "nabarmen" jaitsi delako, Donostiako Udalak jakitera eman duenez. Beraz, Txomin-Enea eta Martuteneko auzokideek ibilgailua jaisteko aukera izango dute (ostiralean Garbera merkataritza-zentrora eraman zuten, uholdeen beldur).
Udalak horren berri eman du sakeleko telefonoetara bidalitako mezu baten bitartez. Hala ere, informazioak hurbiletik jarraitzeko aholkatu du, 60 l/m2 pilatzea espero baita.
Udalak azaldu duenez, "Añarbeko urtegiak ur kopuru handia jaso du", eta hori arintzeko, urtegiaren konportak ireki dituzte, "Urumearen ur-emari baxu aprobetxatuta".
Iparraldea
Ipar Euskal Herrian bihar arte luzatu dute alerta laranja, euriteak izango direlakoan. 700 etxebizitzak argindarririk gabe jarraitzen dute. Halaber, bigarren mailako hainbat errepide itxi dituzte.
Errobi, Urdazuri eta Uhaitzako ibaiek abisu horiarekin jarraitzen ditu, uholdeak izango direlako. Gainera, txingorra ere botatzea espero da.
Tren bat errailetik atera da
Euskotreneko konboi bat errailetik atera da Etxebarrin, bertan izandako luizi baten ondorioz. Jazoera goizeko lehen orduetan izan da. Trenak 30 bidaiari zeramatzan, baina ez da zauriturik izan.
Ezbeharraren ondorioz, tren-zirkulazioa itxi dute Atxuri eta Ariz geltokien artean, eta autobusa jarri dute tarte hori betetzeko. Euskal Trenbide Sareko teknikariek jakitera eman dutenez, litekeena da tarte hori egun osoan egotea itxita.
Zure interesekoa izan daiteke
Elkarretaratzea egin dute Donostian, hiriko gozoki-denda batean adingabe bati egindako sexu-erasoa gaitzesteko
Itaiak eta Amara Berriko Gazte Asanbladak deitu dute protesta, eta "eraso matxista bakoitzari aurre egin eta kaleak hartzeko" deia egin dute. Erasotzailea, dendaren jabea bera, kartzelan sartu dute.
Epaitegiak Euskal Udalekuak elkartearen aldeko epaia berretsi du, eta Arabako Foru Aldundiaren helegitea atzera bota
Epaileak bertan behera utzi du Sarrea Euskal Udalekuari Bernedon kanpamenduak antolatzeko ezarritako gaitasungabetzea. Legez Sarreak udalekuak ospa ditzakeen arren, antolatzaileek debekua indarrean sartu zenean martxan jarri zituzten alternatibei eustea erabaki dute.
Baso-sute handi bat piztu da Gironan
Baix Empordako sutearen ke-zutabeak 5 kilometroko altuera hartu du ostiral honetan.
Hilketa matxistak Alacanten eta Malagan: hiru emakume hil dituzte
Gizon bat atxilotu dute gaur emaztea eta alabetako bat hiltzea eta beste bat larri zauritzea egotzita. Asteazkenean, emakume baten gorpuatopatu zuten Malagan; martxotik desagertuta zegoen. Hilketaren ustezko egilea, bikotekide ohia, espetxeratu berri dute.
EHUk ikasgai guztietan izan diren noten berri emango du astelehenean, ikasgaien arteko alderaketa eginda
Estitxu Garai EHUko errektoreordeak babesa helarazi die irakasle eta zuzentzaileei eta “kezka” adierazi du, presioen ondorioz hainbatek zuzentzaile lanetan ez aritzea erabaki ondoren, "zuzentzailerik gabe geratzeko arriskua" dagoelako.
Donostian 29 urteko gizon bati arma zuriz egindako eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza
Gaztea Donostia Ospitalera eraman dute, baina, dirudienez, zauriak ez dira larriak.
Gasteizko blusek eta neskek zapi beltzekin omenduko dituzte martxoaren 3ko biktimak Andre Maria Zuriaren jaietan
Gainera, abuztuaren 6an ekitaldi bat egingo dute Poliziak hildako bost langileen oroimenez.
Orpoko probaren bitartez bizkarrezurreko muskulu-atrofia hauteman du aurrenekoz Osakidetzak
Gaitz neuromuskular arraro horren diagnostiko goiztiarrari esker, haurtxoa Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Neuropediatriara bideratu dute dagoeneko, terapia genikoa jasotzen ari da eta hasierako bilakaera ona da. Jaioberrien baheketa-programak, orpoko proba izenekoak, 24 gaixotasun detektatzeko aukera ematen du.
Sexu erasoei aurre egiteko informazio gunea Gaztelu plazan zabalduko dute sanferminetan, beste urte batez
Foruzaingoak, Udaltzaingoak eta Guardia Zibilak elkarlanean segurtasun dispositiboa diseinatu dute, eta horren baitan alkohol eta droga kontrolak egingo dituzte Iruñeko sarbideetan.
San Fermineko entzierroen ibilbidean irrist ez egiteko produktua aplikatu dute
Hamar bat pertsonak lan egin dute gauean produktu irristagaitza 1.875 metro karratu ingurutan zabaltzeko. Eremu babestuak Santo Domingoko aldaparen amaieran hasi eta Mercaderesko bihurgunera eta metro batzuk harago heltzen dira, Estafetaraino, hain zuzen ere. Lana eskuz egiten da, ureztagailuak eta erratzak erabilita. Arduradunen arabera, likido irristagaitzak erreakzio bat sortzen du, eta erreakzio horrek zoladuraren mikroporoak askatzen ditu. Zulo horiek bentosa-efektua sortzen dute, eta saihestu egiten du pertsonek edo zezenek irrist egitea. Konposatua duela 20 urtetik aplikatzen da Sanferminetan, eta bereziki ondo funtzionatzen du zoladura bustita dagoenean.