Hodei Egiluz bilatzen jarraitzeko eskatu dute senideek Anberesen
Bi urte beteko dira datorren astelehenean Hodei Egiluz Galdakaoko gaztea Anberesen desagertu zela eta haren senide eta lagunek hura bilatzen jarraitzeko eskatu dute gaur Belgikako hiri horretan egindako elkarretaratzean. Halaber, senideek iragarri dute ez dutela baztertzen Fiskaltzak ikerketa ixteko erabakiaren kontra helegitea aurkeztea.
Hodei Egiluzen gurasoak -Pablo Egiluz eta Koro Diaz- gaur abiatu dira Belgikara 40 laguneko talde batekin batera eta bertan izango dira datorren astelehenera arte, bertako agintariei ikerketa ez ixteko eskatzeko asmoz.
Hodei Bila Elkarteak antolatutako bidaian 40 lagunek hartuko dute parte, baita Kolonbian desagertutako Borja Lazaro gasteiztarraren amak ere. Eguerdian elkarretaratzea egin dute Anberesko Udalaren aurrean, eta, Euskal Herritik bertaratutakoez gain, bertan izan dira elkartearekin bat egin duten Belgikako hainbat bizilagun ere.
Pablo Egiluzek ohar bat irakurri du Anbereseko kontzentrazioan eta, lekukoei dei egiteaz gain, Hodei bilatzen jarraitzeko eskatu die agintariei. "Kasua ez dadila krimen perfektu bihurtu. Balizko zantzu guztien bilaketan jarraitutasuna izaten jarraitzeko dei egiten diogu Poliziari, ez dadila makaldu emaitzarik ez dagoelako. Guk (Hodei) etxera eramateko itxaropena daukagu", azaldu du.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Pablo Egiluzek aitortu du eragin egin diela Anbereseko Fiskaltzak ikerketa ixteko hartutako erabakiak. "Ukituta gelditu gara prozesuaren zati bat gelditu egin delako", gaineratu du.
"Oraindik ere egiteko asko daudela uste dugu. Hainbat poliziarekin hitz egin dugu eta gehiago egin daitekeela uste dugu. Poliziak ikerketa ildo batzuk landu ditu eta ez du erantzunik aurkitu, baina itxaroten segi dezatela, norbaitek deitu zain egon daitezela", azaldu du. Hori dela eta, gaztearen aitak adierazi du Fiskaltzaren erabakiaren kontra helegitea jartzea aztertzen ari direla abokatuak.
Halaber, gazte galdakoztarraren senide eta lagunek kontzentrazioa egingo dute arratsaldean Koolkaaiko gazteluaren parean, Hodei azkenekoz ikusi zuten tokian.
Igandean Hodeiren aurpegia duten argazkiak jarriko dituzte eta auziaren inguruko informazioa banatuko dute jendearen artean. Astelehenean elkarretaratzea egingo dute Bruselako Luxenburgo plazan, eta Europako Parlamentuak desagertutako pertsonen protokoloaz eztabaidatzeko antolatutako jardunaldian hartuko dute parte. "Hainbat parlamentarik hartuko dute parte, Europan desagertuekin lan egiten duten hainbat lagunekin batera", adierazi dute.
Ibon Uribe Galdakaoko alkateak ere parte hartuko du.
Galdakaon, gaztearen jaioterrian, ere Hodei Egiluzen desagerpena gogoratuko dute, eta bi urte bete direla dioen kartela eskegiko dute udaletxearen balkoitik.
Zure interesekoa izan daiteke
Negu Gorriak GKEa, albiste faltsuen eta eskuin-muturraren gorrotoaren jomugan
Hondakin organikotik biometanoa sortzeko planta inauguratu dute Bizkaian
Ikerketa abiatu dute Barakaldon kriminalitate zantzuak dituen emakume baten gorpua topatu dutela eta
Espainiak Rabaten duen enbaxadak ohartarazi du Ceuta zeharkatzeko deialdiak zabaldu direla datorren astezkenerako
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik