Protesta batek errefuxiatuen helduera irudikatu du Kontxako hondartzan
Ehun bat lagunek parte hartu dute gaur Donostiako Kontxa hondartzan egin den "Busti zaitez harreragatik" ekimenarekin. Ekimen horretan errefuxiatuen helduera irudikatu dute, Europar Batasunaren migrazio politikak salatzeko asmoz.
Ekintza solidario horretan errefuxiatuei laguntzen jarduten duten elkarteetako (Amnistia Internazionala, SOS Arrazakeria, Intermon Oxfam, Hotz Zarautz, Zaporeak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak) hainbat ekintzaile eta boluntariok esku hartu dut, Itsasoko Laguntzarekin batera.
Protesta 13:00 inguruan egin dute Gipuzkoako hiriburuko badian, joan zen asteartean egin zen Errefuxiatuaren Mundu Eguneko ekintzen barruan. Ordu horretan bi ontzi heldu dira, errefuxiatuz beteta zeudenaren itxurak egiten, eta itsasertzean zeuden pertsonek lagundu behar izan dituzte hondartzaraino heldu ahal izateko.
Manoli Etxeberria Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, ekintza sinbolikoa izan da egindakoa, "mugak hausteko beharrizana irudikatzen duena, eta baita hesi eta kontzertina gehiago jartzera (Ceuta eta Melillan egin legez) bideratzen den dirua kritikatzeko ere".
Etxeberriaren esanetan, "Europar Batasuneko migrazio politikek pertsona horiek modu seguruan hel daitezela bermatuko duten bideak eraiki beharrean, Mediterraneo hobi komun bihurtu dute".
Bestalde, Etxeberriak jakitera eman duenaren arabera, uztailaren 14an lau autobus aterako dira Euskaditik, eta Estatuko beste hainbat lekutik aterako diren beste batzuekin bat egingo dute "Mugak eraikiz" karabanan, "Ceuta eta Melillan gertatzen den errefuxiatuen giza eskubideen urraketa" salatzeko xedearekin.
Amnistia Internazionalaren argazki protesta Bilbon
Bestalde, hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean, eta argazki bat atera dute Donald Trump AEBko presidenteak jorratzen dituen migrazio politiken aurrean desadostasuna adierazteko.

Amnistia Internazionala elkartearen protesta, Bilbon. Argazkia: EiTB
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun kalera atera dira Euskadin eta Nafarroan, etxebizitzaren negozioaren aurka
Etxebizitzaren aldeko protesta dozenaka hiritara zabaldu da, greba orokorrari begira
Igandera arte luzatu dituzte euriteengatik EAEn gaurko ezarrita zeuden abisu horiak
12 lagun zauritu dira Errioxako taberna baten zati bat erorita, eta zortzi osasun zentroetara eraman dituzte
102 urteko emakume bat hil da eta 90 pertsona erreskatatu dituzte Albaceten, Madrigueras herrian izandako uholdeetan
Milaka pertsona kalera atera dira Madrilen, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko