BARAKALDO
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Etxegabetu behar zutenean bere buruaz beste egin zuen Amaia Egañak, orain 5 urte

Barakaldoko gizarte kolektiboek eta sindikatuek Amaia Egaña gogoratu dute, eta bost urte hauetan udalerrian 1.158 etxe-kaleratze izan direla salatu dute.
Amaia Egañaren heriotzaren ondoren Barakaldon egin zuten manifestazioko argazkia. EiTB
Amaia Egañaren heriotzaren ondoren Barakaldon egin zuten manifestazioko argazkia. EiTB

Bost urte bete dira Amaia Egañaren heriotzaz geroztik. 2012ko azaroaren 9an, etxetik kaleratu behar zutenean, bere buruaz beste egin zuen. Bosgarren urteurrenean, Barakaldoko gizarte eragile eta sindikalek Amaia Egaña gogoratu dute, eta bost urte hauetan udalerrian 1.158 etxe-kaleratze izan direla salatu dute.

Barakaldoko Justizia Jauregiaren aurrean egindako oroimen ekitaldian David Gonzalez Berri-Otxoak plataformak salatu duenez, astean zazpi familia kaleratzen dituzte Ezkerraldean, "horietatik lau Barakaldon". "Zehatz-mehatz esanda, 2012ko azaroaren 9tik 1.158 etxe-kaleratze izan dira Barakaldon", gaineratu du.

Gonzalezen esanetan, krisi ekonomiko hasi zenetik bikoiztu egin da langabe kopurua: "2008an 3.269 pertsona zeuden lanik gabe eta gaur egun 7.312 pertsona dira". Gainera, langabeen % 71k ez du inolako diru-laguntzarik jasotzen.

Berri-Otxoak plataformako ordezkariaren hitzetan, "espekulazioari eta murrizketei galgarik jartzen ez zaienez, alokairuaren prezioa hazten ari da hilabetez hilabete". Haren esanetan, urrian % 3,45 igo da alokairuaren prezioa Barakaldon iraileko datuekin alderatuta eta alokairuaren prezioa 725 eurokoa da, batez beste, Barakaldon.

David Gonzalezek Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa bat aipatuz azaldu duenez, gaur egun 16 pertsona bizi dira kalean Barakaldon, "duela hiru urte baino zazpi gehiago". Hori dela eta, pertsona orok etxebizitza duinerako duen eskubidea betetzeko eskatu dute gizarte eragile eta sindikalek.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Uharteko bizilagunak haserre, herriko apaizak Ceutako migrazio-krisiari buruz egindako adierazpenengatik

Uharteko (Nafarroa) biztanleak haserre daude Javier Aizpun herriko parrokoarekin, X sare sozialean (lehengo Twitter) migratzaileak Ceutara iristeari buruz zabaldu zituen mezuengatik. Kritiken ostean, apaizak barkamena eskatu du eta bere kontua ezabatu du. Argitalpenetako batean, apaizak zioen "Rabat bonbardatu" egin behar dela, Marokoren aurkako neurri gogorrak ezartzearen aldeko hainbat mezurekin batera. Aizpunek adierazi zuen, halaber, suarekin erantzun beharko litzaiekeela Ceutan sartzen saiatzen diren migratzaileei, eta Maroko "errekonkistatzea" proposatu zuen, haren hitzetan, "jatorrizko Espainia" berreskuratzeko, Erromatar Inperio garaiko Hispaniari erreferentzia eginez.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X