Erriberriko hildakoen familiak jasotako ‘errespetua eta maitasuna’ eskertu ditu
Poliziak, osasun-langileek eta bizilagunek zein ezagunek adierazitako "errespetua eta maitasuna" eskertu du larunbat honetan Erriberriko Casanova-Ovejas familiak. Sendi horretako hiru kide hil ziren joan den asteazkean, parrizidio kasu batean.
Ciriaco 47 urteko semeak gurasoak hil zituen haien etxean: Valeriano Casanova (81 urte) eta Pilar Ovejas (72 urte). Alzheimerra zuen batak eta mugitzeko arazoak besteak. Gurasoak hil ostean, bere buruaz beste egin zuen Ciriacok. Emaztea eta alaba bat zituen.
Erriberriko Udalak bi dolu-egun ezarri zituen. Erriberri futbol taldeak ere bost dolu-egun erabaki zituen, hildako bikotearen beste seme bat baita klubeko presidentea. Horrez gain, asteburu honetan partidarik ez jokatzea erabaki zuen.
Orain, familiak oharra kaleratu du "gertatukoaren ostean jasotako tratuagatik betirako esker ona" adierazteko. Era berean, poliziak eta osasun-langileek erakutsitako "errespetua eta maitasuna" goraipatu ditu, "eginbeharretatik eta profesionaltasunetik" harago jokatzeagatik.
Bestalde, jasotako "keinu, besarkada eta mezu" guztiak eskertu ditu familiak, "babestuta" sentitzeaz gain, "indarberritu" egin dituelako.