'Aquarius'eko etorkinak Valentziara bidean dira, Italiako bi ontziren laguntzarekin
'Aquarius' ontzia Valentziara bidean da, Italiako Armadaren bi ontziren laguntzarekin. Gaueko 21:00ak inguruan abiatu dira eta Valentziara heltzeko lau egun beharko dituztela aurreikusi dute.
Aurretik, Italiako agintariek 'Aquarius' ontzian zihoazen 629 etorkinak beste bi barku militarretara eraman dituzte.
'Aquarius' ontziak asteburuan erreskatatu zituen 629 migratzailetatik 400 Italiako Armadaren beste bi ontzitara eraman dituzte arratsalde honetan.
Italia eta Maltako portuetan sartzea galarazi zioten 'Aquarius' ontziari eta orduz geroztik nazioarteko uretan geldi egon dira. Espainiako Gobernuak Valentzian porturatzeko aukera eskaini zuen eta hara lau egun barru iritsiko direla espero da.
Ontzian doazen SOS Meditarranee eta Mugarik Gabeko Medikuen Erakundeko borondatezko lankideek ohartarazi zuten barkuak jende gehiegi zeramala barruan eta Valentziara arteko bidaia arriskutsua izan zitekeela adierazi zuen, areago etorkinen osasun egoera txarra eta eguraldiak okerrera egingo zuela jakinda.
Gauzak horrela, etorkinak hiru ontzitan banatu dituzte: Aquarius-en 229 lagun geratu dira eta Italiako Armadaren bi barkuetara 400 pertsona eraman dituzte.
Migratzaileen artean 123 adingabe daude, bakarrik, eta horietako 11 umeak dira. Gainera, zazpi emakume haurdun daude.
Dagoeneko azaldu diete guztiei ez direla Italiara iritsiko eta Espainiara eramango dituztela. Italiara edo Espainiara, berdin zaie. Etorkinen beldur handiena Libiara bueltatu behar izatea baita.
UNICEF erakundeko eta Maltako Larrialdietarako Taldeko kideen laguntza izango dute etorkinek Valentziarako bidean. Gobernuz Kanpoko Erakundeek nahiago zuten Italian porturatzea, besteak beste, Valentziaraino joanda, Mediterraneoko ibilbidean arriskuan egon daitezkeen beste etorkin batzuei laguntzeko aukerak murrizten direlako.
Espainia eta Frantziaren leziorik onartuko ez duela esan du Italiak
Bitartean, Italiako Gobernuak 'Aquarius' ontziari porturatzea galarazi izanak hautsak harrotu ditu Europar Batasuneko herrialdeen artean. Afrikatik ihesi Europara heltzen diren migratzaileak banatzea eta banaketa hori nola egin behar den hobeto zehaztea eskatzen du Erromak.
Dolores Delgado Espainiako Justizia ministroak esan du ezin daitekeela baztertu Italiak jarrera horrekin nazioarteko araudia urratu izana eta, ondorioz, erantzukizun penalak eskatu behar izatea.
Enmanuel Macron Frantziako presidenteak ere gogor kritikatu du Italia, eta "zinismoz" eta "arduragabekeriaz" jokatu izana leporatu dio. Datozen egunetan Italia, Malta eta Espainiako agintariekin hitz egingo duela erantsi du.
Italiako Gobernuak, berriz, gogor erantzun die biei. Luidi di Maio presidenteordeak esan du "lotsagarria" dela Frantziak eta Espainiak "lezioak" ematea, "euren portuak aspaldi itxi zituztenean".
Zure interesekoa izan daiteke
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak