Belgikako Justiziak ez du onartu Valtonyc Espainiara automatikoki estraditatzea
Ganteko lehen instantziako epaileak astearte honetan erabaki du ez onartzea Josep Miquel Arenas 'Valtonyc' rap-kantaria Espainiara automatikoki estraditatzeko eskaria, eta irailaren 3ra arte atzeratu du horren aurkako euroaginduaren gaineko erabakia, Fiskaltzaren alegazioak noiz jasoko dituen zain.
Oporraldian zaintza-lanetan dagoen epaileak bi astez atzeratu du bista, defentsaren argudioak eta Fiskaltzaren alegazioak jaso ahal izateko. Hala jakinarazi dute Mallorcako rap-kantariaren abokatuetako bik, Simon eta Paul Bekaertek, hain zuzen. Paul Bekaert Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuaren presidente ohiaren abokatua ere bada.
Espainian, hiru urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote Valtonyci, terrorismoaren apologia egin, Espainiako Koroa iraindu eta mehatxuak egin izana egotzita. Ganteko Justizia Jauregian 09:16an azaldu da (07:16, GMT) eta 10:30ean irten (08:30, GMT).
"Epaileak eta defentsak esandakoak kontuan izanik, printzipio-kasua da, askatasun-adierazpenekoa, eta idatzizko erantzuna izan behar du; ondorengo egunotan emango da erantzun hori", esan du Simon Bekaert abokatuak. Horren iritziz, euroagindua aztertzen ari den epaileak bista berriro atzeratzea erabakitzeko "aukera txikia" dago.
Dena den, Valtonycen abokatuak ez du baztertu epaileak azkenean estradizioaren alde egitea, eta apelazioa ere egotea; horrek kasua instantzia nagusiago batera igoko luke.
"Ez dute onartu automatikoki estraditzatzea, eta eztabaidatu egin behar da; horrek esan nahi du kasua indarra hartzen ari dela, eztabaidatu egingo dela, Justizia bat egon badagoela; espero dezagun Justizia hori independentea izatea", adierazi du rap-kantari gazteak, bista amaitutakoan. Berak ez du adierazpenik egin bista horretan.
"Ez dago egozte bikoitzik"
Defentsak argudiatzen du ez dagoela estradizioa gauzatzeko eskatzen den egozte bikoitzik, hau da, bi estatutan (auzipetua dagoen estatuan eta hartu beharko lukeen horretan) delitu bera berdintsu tipifikatuta egotea.
Printzipio hori aplikatzen da euroaginduak tramitatzeko, delituak ez badaude estradizio automatikoa ekartzen duten 32 kategorietako zerrendan. Hala zehazten du Europar Batasunaren ordenamendu juridikoak, eta, besteak beste, delitu hauek daude zerrenda horretan: terrorismoa, ustelkeria, iruzurra eta bahiketa. Kartzela-zigorrak, berriz, gutxienez, hiru urtekoa izan behar du.
Atxilotzeko agindu europarra zerrenda horretan ez dagoen delituren batekin lotuta balego, herrialde hartzaileko epaileak aztertu beharko luke egozte bikoitzaren printzipioa, eta estradizioa ukatzeko aukera izango luke, ezer zigorgarririk ez dagoela iritziko balio.
"Ikuspuntu judizial eta teknikotik, uste dugu ez dagoela estradiziorako tokirik; izan ere, Belgikan existitzen ez diren zenbait deliturengatik dago zigortuta", jakinarazi du defentsako abokatuak.
Koroa iraintzearen delitua badago Belgikan, baina, defentsaren iritziz, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak kontuan izanik interpretatu beharko litzateke.
2018ko martxoan, auzitegiak Espainiaren aurkako epaitza eman zuen; izan ere, ondorioztatu zuen errege-erreginen argazki bat erretzeak ez duela urratzen adierazpen-askatasuna, eta, hortaz, hori 2007an egin zuten bi lagunek jasandako kartzela-zigorra "esku-sartze neurrigabea da".
Egun, Ganten bizi da
Mallorcako rap-kantaria ez zen aurkeztu Auzitegi Nazionalaren aurrean, maiatzaren 24an. Egun horretan amaitu zen Espainiako Justiziak kartzelan sartzeko emandako epea, baina Espainiatik alde egitea erabaki zuen.
Hainbat hilabetez, inork ez zekien non zegoen, eta, azkenean, prentsaurreko batean berragertu zen; bertan jakinarazi zuen Ganten bizi zela. Informatikari gisa ari da lanean Belgikako hiri horretan, eta hainbat musika-proiektu prestatzen jarraitzen du.
Espainiako Auzitegiak bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen (Espainia, Europa eta nazioarte-mailako agindua da), eta Mendebaldeko Flandriako Fiskaltzak onartu egin zuen; hortaz, kasua Belgikako Fiskaltzaren esku geratu zen.
Uztailaren 5ean, Belgikako instrukzio-epaile batek erabaki zuen Valtonyc baldintzapeko askatasunean uztea. Beste epaile batek, baina, balizko entrega aztertu behar zuen, eta, ondorioz, ezin da Belgikatik irten.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat hil da Laidatxu hondartzan (Mundaka)
Gizonezkoa uretatik atera behar izan dute sorosleek, eta suspertzen saiatu diren arren, bertan hil da. Ez dakite zerk eragin duen heriotza.
Aldaketa asteartetik aurrera, eta euria asteazkenerako zein ostegunerako
Astearte goiza eguzkitsua eta beroa izango da, baina iluntzerako aldaketa iritsiko da eta asteazkenean tenperaturek nabarmen egingo dute behera. Euria egingo du bai asteazkenean baita ostegunean ere.
Zaldibiatik Ordiziarainoko bidea oinez egin dute dozenaka ikaslek eta gurasok, eskola garraioa ez kentzea eskatzeko
Iazko ekainean, Hezkuntza Sailak Zaldibiako ikasleen gurasoei jakinarazi zien 2026-27 ikasturtetik aurrera DBH3 eta DBH4ko gazteak eskola-garraiorik gabe geratuko zirela. Emandako arrazoia eskola batetik besterako distantzia izan zen.
Gustuko oporlekua lortzeko itxaropenez gerturatu dira Imsersoko lehen bidaiariak agentzietara
Nafarroan astelehen honetan hasi dira agentziak adinekoei zuzendutako bidaia horien erreserbak kudeatzen. Lehen egun honetan, Imsersorekin lehen aldiz oporretara joango direnek izan dute bidaia eskuratzeko aukera. EAEn asteazkenean hasiko dira.
EHUk urte akademikoa abiatu du, AAren arriskuez jakitun eta "eredu propioa" aldarrikatuz
Joxerramon Bengoetxea errektoreak azpimarratu du auzia ez dela adimen artifiziala "deabrutzea, harekiko erabateko mendekotasuna" saihestea baizik. Finantzaketari dagokionez, Juan Antonio Perez Iglesias sailburuak uste du "egingarria" dela bost urteko epean finantzazioa Europako mailara iristea.
Olarizuk agur esan dio udari, musika, babarrunak eta bertoko produktuak lagun
Iraganeko ohitura da Olarizukoa. Hiria mugatzen zuten mugarriak ikuskatzen hasi ziren agintariak, inguruko herriek lurra lapurtu ez zitzaten. XIX. mendearen erdialdean gertatu zen hori, eta gaur egun erromeria herrikoi bihurtu da tradizioa.
Emakume bat ikerketapean dago, Bilbon adingabe bat bahitzen saiatzeagatik
Adingabea lagunekin ari zen jolasten, eta banku batean eserita zegoen emakume bat hurbildu zitzaien. Senidea zela esanda, adingabea besotik heldu eta berarekin eramaten saiatu zen. Gurasoen lagun batzuek gertatutakoa ikusi zuten, eta adingabeari galdetu zioten emakumea ezagutzen ote zuen.
EHUk uste du lehendakariak ez diola "behar besteko balioa eman unibertsitate publikoari" ikasturte hasierako ekitaldian egoteari muzin eginez
Horixe adierazi du Ixone Fernandez de Labastida Arabako Campuseko errektoreordeak Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, Imanol Pradales lehendakariak ikasturte hasierako ekitaldietan Mondragon, Deustu eta EHU txandakatzeko hartu duen erabakiaren harira.
Heriotzen kopurua jaiotzena baino ia bi aldiz handiagoa da EAEn
Heriotzak 6.253 izan ziren urteko lehen hiruhilekoan, aurreko urtean baino % 0,8 gutxiago, eta jaiotakoak bainoa 3.008 gehiago.
Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak hiru urteko espetxe-zigorra eskatu du Bernedoko udalekuen auzian ikertutako 15 kiderentzat
Gasteizko Instrukzio Epaitegiak gaur hartuko die deklarazioa 15 ikertuei, eta testuinguru horretan egin du iragarpena herri-akusazio gisa ari den elkarteak. Bestalde, euskal udalekuetako kideek adierazi dute ez dutela prozesuaren berri emango, adingabeen eskubideak babesteko.