Hilik aurkitu dute Anboton desagertutako Abadiñoko bizilaguna
Anboto inguruan desagertutako 41 urteko gizonaren hilotza aurkitu dute igande arratsalde honetan, Ertzaintzak jakitera eman duenez. Litekeena da mendi-istripua izatea. Hildakoa Iker Garitaonaindia Areitio da, Abadiñon bizi zen, eta Ingeniaritza Mekanikoko irakaslea zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gorpua Untzillatx mendian aurkitu dute.
Larunbat honetan joan zen mendira, 10:00etan, eta ordutik senideek ez zuten haren berririk izan. Igande honetan bere bila ibili da 150 lagunek osatutako talde bat, SOS Deiakek kudeatuta, Anboto mendian.
Azkenean, igande honetan, 17:00ean, Ertzaintzako mendi-taldeko kideek gizonaren gorpua aurkitu dute Untzillatx mendiko iparraldeko aldean, eskalada egiteko hainbat ibilbide dituen gunean, alegia. Ertzaintzaren helikoptero baten zain daude orain, gorpua bertatik eraman ahal izateko.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak