Seme-alabak eta bikotekide berria dituzten dibortziatuek, familia-etxebizitzarik ez
Dibortzioaren ondotik, bikotekide berri batekin elkarbizitza egonkor bat izateak familia-etxebizitza erabiltzeko eskubidea iraungitzen duela ebatzi du Auzitegi Gorenak. Horrela, Valladolideko Lurralde-auzitegiaren epaia berretsi eta Ministerio Fiskalak aurkeztutako kasazio-errekurtsoa atzera bota du Gorenak sententzian.
Valladolideko Auzitegiaren erabakia Kode Zibilaren 96. artikuluaren aurkakoa dela uste zuen fiskalak. Epaile batek onartutako ezkontideen arteko akordiorik ezean, familia-etxebizitzaren eta etxe barruan dauden objektuen erabilera seme-alabei eta haiek zaintzen dituen ezkonlagunari dagokiela aurreikusten du artikuluak.
Baina gurasoetako batek familia-etxebizitzara bikotekide berria eramaten duenean, etxea erabiltzeko eskubidea galtzen duela erabaki du Gorenak epaian.
Irabazpidezko ondasunen sozietatea likidatzen den unean familia-etxebizitza erabiltzeko eskubidea iraungi zutela ebatzi zuen Lurralde-auzitegiak, hirugarren pertsona bat etxera eramateak etxebizitzaren izaera aldatu zuelako, familia ezberdin batek erabiltzen duelako orain.
Epaiaren erabakia eta argudioak berretsi ditu Gorenaren salak, eta kasazio-errekurtsoa atzera bota du. “Seme-alaben zaintza egokitu zitzaion aita-amak hirugarren bat etxera eramateak (bikote harreman egonkor batean) familia-etxebizitzaren estatusa aldatzen du”, dio sententziak.
Harreman berriak izateko askatasuna zalantzan jartzen ez dutela argitu du auzitegiak, askatasun hori besteen kaltetan erabiltzea baizik, kasu honetan seme-alaben zaintzarik ez duen aita-amarena.
Zure interesekoa izan daiteke
Negu Gorriak GKEa, albiste faltsuen eta eskuin-muturraren gorrotoaren jomugan
Hondakin organikotik biometanoa sortzeko planta inauguratu dute Bizkaian
Ikerketa abiatu dute Barakaldon kriminalitate zantzuak dituen emakume baten gorpua topatu dutela eta
Espainiak Rabaten duen enbaxadak ohartarazi du Ceuta zeharkatzeko deialdiak zabaldu direla datorren astezkenerako
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik