Auzitegiak 'irizpidez aldatzeko' itxaropena du 'La Manada'ko biktimaren abokatuak
Nafarroako Auzitegiko epaileetako batek 'irizpidez aldatzeko' eta, horrenbestez, bost kideak lehenbailehen espetxera itzultzeko itxaropena erakutsi du Miguel Angel Moran 'La Manada'ko biktimaren abokatuak.
Bost zigortuek Nafarroako Lurralde-auzitegiko saioa bideokonferentzia bidez jarraitu dute Sevillako Auzitegitik. Saioak 40 bat minutuko iraupena izan du.
Nafarroako Justizia Jauregira sartu aurretik komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Moranek esan du "bost erasotzaileak kartzelan sartzea" espero duela. Hain zuzen ere, horri buruz erabakitzeko saioa hasi dute gaur epaileek.
Horretarako, orain arteko argudio berberak erabili ditu epaiketan, baina "kasu honetan indar gehiago dute", Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia esku artean baitute. Hain zuzen ere, bederatzi urteko kartzela zigorra berretsi zuen Nafarroako Auzitegiak, nagusikeriaz egindako sexu abusu jarraitu delituagatik.
"Espetxean egon beharko lukete, jakina" nabarmendu du biktimaren abokatuak. Halaber, argitu du biktima "lasai" dagoela.
Bestalde, Ricardo Gonzalez epailearen errekusatzea eskatu izana ukatu du Miguel Angel Moranek. "Ez dut horrelakorik egin, are gutxiago orain", erantzun du horri buruz galdetu diotenean.

Jose Ángel Prenda eta Alfonso Jesús Cabezuelo, Sevillako Auzitegira sartu aurretik. Nafarroako Auzitegiko saioa bertatik ikusi dute, bideokonferentzia bidez. Argazkia: EFE
Carlos Bacaicoa biktimaren beste abokatuak azaldu duenez, lege-hauste eta forma urratzerik ez da izan; ondorioz, defentsaren argudioek ez dute “batere oinarririk”.
Zentzu horretan, epaiketan “froga anitz” onartu dizkietela gogorarazi du. “Frogarik ukatu dietenik ezin dute esan, guztia onartu zaie”, errepikatu du.
“Auzitegiak oso zuhur jokatu zuela nik esan nuen bere garaian”; horregatik, “defentsaren helegiteak ezin du aurrera egin”, azpimarratu du.
Auzia Gorenera heltzen denean, “akusatuen alde, epaiaren aldaketa bat emateko aukerarik ez dago”, gaineratu du. “Gertakarien kalifikazioa, ordea, aldatzea espero dugu, erasotzat jotzea eta intimitatearen aurkako delituagatik zigortzea”, adierazi du.
Bestalde, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren herri-akusazioek bost zigortuak espetxera bidaltzea eskatu dute, ihes egiteko arriskua dagoela iritzita.
Victor Sarasa Udaleko abokatuaren ahotan, “ihes egiteko arriskuak gora egin du azken hilabeteetan”.
“Maiatzean eta ekainean ematen zen egoera nolabait aldatu dute inguruabarrek”, nabarmendu du Sarasak. “Akusatuen egoera pertsonala aldatu da”, esan du.
Era berean, akusatuen ihes egiteko arriskuaz galdetu diote Ildefonso Sebastian Nafarroako Gobernuaren abokatuari. “Baietz uste dut”, erantzun du.
Agustin Becerrak 'La Manada'ko bost kideen abokatuaren iritziz, ez dago Auzitegiak irizpidez aldatu eta erasotzaileak behin-behinean kartzelaratzeko arrazoirik, "ekaineko epaiaz geroztik ezer aldatu ez delako".
"Egia esateko, ez dakit Ministerio Fiskalak edo akusazioek, bost kideen espetxeratzea argudiatzeko, zer esango duten,", baieztatu du goizean, Lurralde Auzitegira sartu aurretik.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak