Quiron Gipuzkoak eta Bunt Planetek alzheimerra diagnostikatzeko 'app'-a aurkeztu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gurutz Linazasoro neurologoak 'Alzheimerraren semaforoa' aplikazioa aurkeztu dute gaur. 'App' horrek etorkizunean alzheimerra izateko arriskua neurtzen du eta gaixotasun hori saihesteko jarraitu beharreko pausoak ematen ditu, ohitura osasuntsuak sustatuz, "garuna hobeto zahartu dadin".
Linazasorok eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak aurkeztu dute Bunt Planet enpresak sortutako aplikazio berria. Dagoeneko euskaraz eta gaztelaniaz dago erabilgarri.
Linazasororen hitzetan, alzheimer kasuen bi herenek herentzia genetikoarekin eta zahartzearekin dute zerikusia. Oraingoz, baina, ez dute faktore horiek saihesteko neurririk lortu; bai, ordea, gainerako kasuak ekiditeko ("ohitura osasuntsuak" edota "ingurumen faktoreak", kasu).
"Alzheimerraren mamua urrun egotea edo horren agerraldia atzeratzea da erreminta informatiko berri horren helburuetako bat. Horretarako, ohitura txarrek alzheimerraren garapenean duten eragina murrizten saiatzen da aplikazioa", esan du.
"App horrekin ezinezkoa da gaitzaren aurretiazko diagnostikoa egitea", gaineratu du adituak. Halere, erabiltzailearen ohiturak ezagutzeko balio du; hain zuzen ere, kolore berde, laranja eta gorriarekin neurtzen ditu. Gainera, "burmuina hobeto zahartzeko eta alzheimerra jasateko arriskua murrizteko asmoarekin, aholkuak ematen dizkio erabiltzaileari".
Horretarako, 24 galdera egiten dizkio hasiera batean, tentsio arterialari, diabetesari, obesitateari eta kolesterolari buruz. Bestalde, alkoholaz eta tabakoaz, ariketa fisikoaz, loaldiaz eta estresaz galdetzen dio, baita ariketa intelektualaren eta sozialaren inguruan ere.
Linazasorok gomendatu du aplikazioa hiruzpalau hiletik behin erabiltzea, eta formularioa betetzean semaforoaren kolorea aldatu den ala ez frogatzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontzak % 8,4 gutxitu dira Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak